Den sasoirako antxoa asko ari dira lehorreratzen Ondarroako portuan
Hiru egunetan 200 tona inguru antxoa deskargatu dituzte baxurako ontziek. Donostia eta Getaria bitarteko uretan sareratu dute arraina. Prezio onean saldu da bentanAntxoa sasoia udaberria izaten baldin bada ere, baxurako arrantzaleak antxoa asko ari dir...
Hiru egunetan 200 tona inguru antxoa deskargatu dituzte baxurako ontziek. Donostia eta Getaria bitarteko uretan sareratu dute arraina. Prezio onean saldu da bentan
Antxoa sasoia udaberria izaten baldin bada ere, baxurako arrantzaleak antxoa asko ari dira deskargatzen bertoko portuetan. Ondarroan, esate baterako, antxoa asko lehorreratu dituzte azken egunotan: 200.000 kilo inguru.Ondarroako Kalare Deuna kofradiako kideek horixe nabarmendu dute: «Ez da antxoa sasoia, baina harrapatzen ari dira. Normalean ez da antxoarik egoten horrelako sasoian».
Arrantzaleak, oro har, Donostia eta Getaria bitarteko uretan ari dira arrantzatzen antxoa, kostaldetik nahiko hurbil.
Tamaina aldetik, berriz, harrapatzen ari diren antxoa oso txikia da; kiloan 55-60 ale bitartekoa, freskorako saltzeko modukoa.
Sardina ere bai
Atzo ere, hiru turrun entzun ziren Ondarroan. 10:30ak inguruan batera lehorreratu ziren bi ontzik 1.200 kaxa batak 800 eta besteak 400 antxoa deskargatu zituzten.
Kopuru aldetik atzo deskargatutakoa aurreko egunetan lehorreratutako baino gutxiago izan zenez, nahikoa prezio onean saldu zen arraina kofradiako bentan.
Herenegun, ostera, 15.000 kaxa (120.000 kilo) inguru deskargatu zituzten Egidazu kaian. Kopuru aldetik gehiago izan zenez, merkeago saldu zen arraina: kiloa 1-1,20 euro bitartean. Martitzenean, aldiz, 4.000 bat kaxa (32 tona) porturatu zituzten, eta nabarmen garestiago saldu zen: kiloa 4-5 euro inguruan.
Antxoaz gain, baxurako ontziak sardina ere ari dira harrapatzen. Eguaztenean, nahikoa saldu zen, eta tamaina handikoa, gainera; kiloan 17-19 ale ingurukoa. Hori dela eta, prezio oso onean saldu zen arraina: kiloa 1,40-1,55 euro bueltan. Tamaina aldetik arraina handia izan zenez, gehiena fabriketarako saldu zuten.