Berriatua eta proba mundua
Berriatuko Goikolau kultur elkarteak antolatuta, 'Proba mundua Berriatuan, ondu ezetz!' erakusketa ikusgai dago, domekara arte, elkartearen lokalean. Barikuan, gainera, Goikolau Sariak emango dituzte.Goikolau Sariak emanez, herrigintzan lan egin eta Be...
Berriatuko Goikolau kultur elkarteak antolatuta, ‘Proba mundua Berriatuan, ondu ezetz!’ erakusketa ikusgai dago, domekara arte, elkartearen lokalean. Barikuan, gainera, Goikolau Sariak emango dituzte.
Goikolau Sariak emanez, herrigintzan lan egin eta Berriatuaren izena mundu mailan zabaldu duten herritarrak saritzen ditu urtero Berriatuko Goikolau kultur elkarteak. Sariak emateaz batera, elkarteak sarituen inguruko erakusketa ere egiten du. Aurten, proba mundua hartu dute gaitzat, eta Proba munduan Berriatuan, ondu ezetz! erakusketa ikusgai dago, domekara arte, Goikolau elkartearen lokalean. Ordutegia ondokoa da: barikuetan, 19:00etatik 20:30era; eta zapatu eta domeketan, 12:30etik 14:00etara.900 argazki eta dokumentu, hamar bideo, txapelak, probak iragartzeko kartelak, mantak eta beste hainbat eta hainbat material bildu dituzte elkarteko kideek. Sukaldeko lan handia egiten dute material hori guztia biltzeko. Izan ere, urteak atzera egindako ekintzak eta orduan bizitakoak biltzen orduak eta orduak eman dituzte. «Egindako ekintzak biltzen ditugu, eta fitxen bitartez lotu; fitxak dira zila, eta ekintzak helmugak. Eta informazio eta material guztia biltzeak ordu asko eskatzen ditu». Gaur egun egiten diren ekintzak jasota geratzen badira ere, lehen ez zen horrela egiten. «Egunero idazten dugu liburua, eta ekintzak egin ahala gauzak jasota uzten baditugu, ondorengoek errazago egingo dute bilketa».
Bildutako materiala
Materiala biltzen aritu izan diren bitartean, gainera, proba munduan ibilitako herritarrei elkarrizketak ere egin dizkiete. «Erakusketan proba munduan ibilitako herritarren 40 bat fitxa daude. Fitxa horietan, herritarraren inguruko datuak ipintzeaz gain, bizirik dauden probalarien oroitzapenak eta liburuetatik jasotako informazioa ere bilduta dago», azaldu dute elkarteko kideek. Bildu dutenagaz, dokumental bat egiteko beste daukatela diote.
Aspaldiko materiala dago erakusketan. 1939koa da erakusketan ikusgai dagoen argazkirik zaharrena; eta manta zaharrena, 1952. urtekoa. «Hortik aurrerakoak ere badaude erakusketan».
Proba munduak Berriatuan pisu handia eduki duela diote, bai Goikolau elkartekoek, bai Euskal Herriko proba munduaren historia jorratzen duten argitalpenek. «Deporte rural 1956-1990 liburuan, esaterako, 211 orrialdetan berriatuarren 400 aipamen inguru daude».
Goikolau Sariak, barikuan
Saridunek elkarteko kideen eskutik jasotzen duten oroigarria ere ez da nolanahikoa izaten. Izan ere, Berriatuko Lamina kobazuloan aurkitutako ustezko ilargi egutegiaren erreplika eskuratzen dute.
Sariak barikuan banatuko dituzte, 19:30ean, plazan. Eta aurtengo gaia kontuan hartuta, berriatuarrek ez dute lan erraza edukiko, proba munduan ibilitako berriatuarrak asko eta asko izan dira eta.