Kulturaz eta artez beteko da Bermeo, Fair Saturday eguna ospatzeko
Besteak beste, kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako jarduerak egongo dira datorren zapatuan. Lortutako dirua helburu solidarioetara bideratuko duteKontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekintzak egingo dituzte zapatuan, Bermeon ospatuko den Fair Sa...
Besteak beste, kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako jarduerak egongo dira datorren zapatuan. Lortutako dirua helburu solidarioetara bideratuko dute
Kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekintzak egingo dituzte zapatuan, Bermeon ospatuko den Fair Saturday egunean. Artea eta kultura baliatuz, mundua aldatu daitekeela adierazteko egun horregaz bat egin dute Bermeoko Udalak eta herriko elkarte kultural eta solidarioek.Arte eta kultura lanak hedatzea eta balioan jartzeagaz batera, proiektu solidarioei laguntzea helburu duen jaia da Fair Saturday. Solidarters Fundazioak antolatutako ekimena, mundu mailan antolatzen den mugimendua da; azaroko azken zapatua da ospatzeko eguna.
Hala, zapatuko dohaintzen, sarreren eta produktuen salmentaren bidez batzen den diru guztia Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioetara bideratuko dute. Hain zuzen ere, Rett sindromea ikertzeko helburua duen Nere Izarra Rett elkartearentzat, beharrizanak dituztenei laguntzen dien Kate Sarea elkartearentzat eta umeen estimulazioa eta garapenerako Laztana elkartearentzat izango da dirua.
Azaroaren 26ko ekintzetara bertaratzen diren herritarren ikuspuntu artistikoak jasotzeko, beste alde batetik, sormen tantak izeneko orriak banatuko dituzte. «Zerbait sentiarazten diguten adierazpenak bertan islatzea eta beste norbaitekin parte- katzea da asmoa», azaldu du Leire Mintegi Solidarters fundazioaren ordezkariak. Era berean, Fair Saturday ekimenerako egindako ur botila bereziak ere salduko dituzte, baztertze arriskuan dauden umeentzako beka kulturalak atera ahal izateko.
Egun osoko egitaraua
Mintegik barikuan emandako prentsaurrekoan azaldu legez, «sei herrialde ezberdinetan, 8.000 artista baino gehiagok parte hartuko dute Fair Saturday egunean antolatuko diren 370 ekitaldi baino gehiagotan».
Fair Saturday eguneko programa 12:00etan hasiko da Bermeon, Kabidxen, hain zuzen ere. MB2000 zerbitzuak antolatuta, haur eta nagusiei zuzendutako tailerrak egongo dira, eta Ipuin Lapiko ekimeneko kideek, beste alde batetik, ipuin kontaketak egingo dituzte. Alde Zaharra bisitatzeko aukera ere egongo da, Haitz Nagusije elkarteak ibilbide gidatu bat egingo baitu.
Eguerdian, berriz, Alkartasuna Dantza taldekoek Dantzaz Blai erromeria egingo dute, Lamerako kioskoan. Arantza Ormaza taldeko ordezkariak azaldu duenez, ekintza parte-hartzailea izango da, bertaratzen diren guztiek dantzan egiteko aukera izan dezaten. Arratsaldean, Txo Sevilla taldekoek ere dantza erakustaldia egingo dute Lameran. Euria egingo balu, Taraskan egingo lituzkete erakustaldiak.
Iluntzean, dantzan jarraitzeko aukera egongo da Kafe Antzokian, Dantzatu Gurekin taldekoekin. Gauean, berriz, Nuntxaku Kultur elkartekoek kontzertuak egingo dituzte Kapillan.
Kontzertuetarako 5 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta gainontzeko ekitaldietan kutxa batzuk jarriko dituzte, bertaratzen direnek nahi duten diru kopuruagaz lagundu dezaten.
Katea Sarea elkarteko Mirenlur Santiagok nabarmendu duenez, «proiektu solidarioak aurrera ateratzeko laguntza bat izango da zapatukoa. Herritarrek ekimen kultural ezberdinekin gozatzen duten bitartean, gure proiektuak lagundu ahal izango dituzte»