Gazteek daukaten etxebizitzen beharra aztertzen ari da Bermeoko Udala
Bermeoko Udala herriko gazteei zuzendutako emantzipazio programa bat garatzen ari da. Programa hori egiteko gazteen beharrak eta iritziak ezagutzea «garrantzitsua» dela diote, «erantzun egokia eman ahal izateko». Horregatik, Internet bidez bete behar den inkesta bat egin dute.
Irune Ormaetxea Bermeoko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, «gazteek bete beharreko inkesta hori anonimoa da, beraz, ez da informazio pertsonalik hartuko». Aipatu inkesta Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) eta udalaren sare sozialetan dago eskuragarri.
Gazteek zazpi galdera edukiko dituzte erantzuteko eta abenduaren 2a izango dute udalak egin duen inkesta betetzeko azken eguna.
Azken osoko bilkuran, herrian dauden etxebizitza hutsek Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHGZ) %50eko gainkarga edukitzea onartu zuen Bermeoko Udalak. EH Bilduk, Guzanek eta Izartu Bermeok aldeko botoa eman zuten. Eusko Alderdi Jeltzaleak, berriz, neurri horren aurka bozkatu zuen.
Bermeon 2.000 etxebizitza huts baino gehiago daudela azaldu dute udaletik, horietatik 700 inguru, Alde Zaharrean kokatuta daude.
Osoko bilkuran hartutako erabaki horrek helburu bikoitza duela esan du Ormaetxeak: «Alde batetik, etxebizitza huts horiek merkatuan sartu gura dira; eta, bestetik, independizatu nahi diren gazteei lagundu gura diegu». Horregatik garatzen ari dira programa hori. Hala, gazteen beharrei erantzun egokia eman ahal izateko inkesta betetzeko deia egin die herriko gazteei.