Getxoko XV. komiki azokan egongo da Ondarroako Luterl taldea
Ondarroako Luterl taldeko komikigile eta komikizaleak Getxon urtero egiten den komiki azokan egongo dira. Hain zuzen ere, gaur hasi eta domekara bitartean egingo den Getxoko XV. Komiki azokan erakusmahai propioa izango dute ondarrutarrek.Luterlekoek na...
Luterlekoek nabarmendu dutenez, euren moduko talde txiki batentzako beste urte batez Getxon presentzia edukitzea garrantzitsua da. «Gure finantzatzearen zati handi bat komikiak saltzetik datorrenetik, Getxoko komiki azoka moduko azoka batean leku propioa izatea garrantzitsua da guretzat. Oso ondo hartzen gaituzte, eta gustura joaten gara», azaldu du Ion Iñaki Artetxe taldeko kideak.
Erakusmahaiari dagokionez, aurten gauza berririk egongo ez baldin bada ere, Luterlen askotariko material propioa egongo da ikusgai. Komikizaleek, hain zuzen ere, taldeak egiten duena hurre-hurretik ezagutzeko aukera izango dute; Itsasoko deabruak, Euskoman, Azken mohikanoak, eta garai bateko fanzineak ere bertan izango dituzte ikusgai. Ondarroako komiki jardunaldietara begira kaleratu duten azken Globhito-ren zenbait ale ere bertan jasoteko aukera egongo da, beste hainbat Globhito zaharrekin batera.
Mobilak sinatzen
Argitalpen propioez gain, beste hainbat argitalpen ere bertan lortzeko aukera ekarriko dute. Tartean, TMEO-ren atzeratutako zenbakiak, Galiziako komikiak (Demo argitaletxekoak)… egongo dira. Era berean, Arantza Ibarra eta Kaiet Bengoetxea ondarrutarrek Beta argitaletxeagaz kaleratutako Mobilak ere bertan erosteko aukera egongo da.
Are gehiago, Ibarra eta Bengoetxea komikia bertan egongo direla sinatzen aurreratu dute Luterekoek. Zehatz esanda, etzi, 19:30etik 20:00etara egongo dira komikiak sinatzen.