Kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekintzak egingo dituzte, zapatuan [azaroaren 26an], Bermeon ospatuko den
Fair Saturday egunean. Artea eta kultura baliatuz, mundua aldatu daitekeela adierazteko egun honekin bat egin dute Bermeoko Udalak eta herriko elkarte kultural eta solidarioek.
Zapatuko
dohaintzen, sarreren eta produktu ezberdinen salmentaren bidez batzen den diru guztia Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioetara bideratuko da. Hain zuzen ere, Rett sindromea ikertzeko helburua duen
Nere Izarra Rett elkartearentzat, beharrizanak dituztenei laguntzen dien
Kate Sarea elkarteentzat, eta umeen estimulazioa eta garapenerako
Laztana elkartearentzat bideratuko da dirua.
Fair Saturday, arte eta kultura lanak hedatzea eta balioan jartzearekin batera, proiektu solidarioei laguntzea helburu duen jaia da. Solidarters Fundazioak antolatutako ekimena, mundu mailan antolatzen den mugimendua da; azaroko azken zapatua delarik berau ospatzeko eguna.
Gaur egin duten prentsaurrekoan, Leire Mintegi Solidarters fundazioko ordezkaria, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Aingeru Astui kultura zinegotzia, eta parte hartuko duten elkarte kultural eta solidarioen ordezkariak egon dira. “Artea eta kultura kalera aterako dira, herritar guztiek gozatu dezaten; aldi berean, proiektu solidarioak aurrera ateratzen laguntzen duten bitartean”, adierazi du alkateak.
Sormen tantak
Azaroaren 26ko ekintzetara bertaratzen diren
herritarren ikuspuntu artistiko ezberdinak jasotzeko, sormen tantak izeneko orriak banatuko dituzte. “Zerbait sentiarazten diguten adierazpenak bertan isladatzea eta beste norbaitekin partekatzea da asmoa”, azaldu du Mintegik. Horretaz gain,
Fair Saturday ekimenerako egindako
ur botila bereziak ere salduko dituzte, baztertze arriskuan dauden umeentzako beka kulturalak atera ahal izateko.
“Sei herrialde ezberdinetan, 8.000 artista baino gehiagok parte hartuko dute
Fair Saturday egunean antolatuko diren 370 ekitaldi baino gehiagotan”, jakinarazi du Mintegik.
Bermeon egingo diren ekintzei dagokionez,
Fair Saturday eguneko
programa 12:00etan hasiko da, MB2000 zerbitzu soziokulturaleko Maribi Larrinagak azaldu duenez.
Kabidxen, haur eta nagusiei zuzendutako tailerrak eta
Ipuin Lapikuen eskutik ipuin kontaketak egingo dute. Haitz Nagusije elkarteak A
lde Zaharretik ibilaldia ere eskeiniko du.

Elkarte eta udal ordezkariak gaurko prentsaurrekoan
Eguerdian,
Alkartasuna Dantza taldekoek Dantzaz Blai erromeria egingo dute, Lamerako kioskoan. Arantza Ormaza taldeko ordezkariak azaldu duenez, ekintza parte hartzailea izango da, bertaratzen diren guztiek dantzan egiteko aukera izan dezaten. Arratsaldean
Txo Sevilla taldekoek ere erakustaldia egingo dute Lameran. Euria izanez gero, Lamerako kioskotik Taraskara mugituko dituzte ekintzak.
Iluntzean,
Kafe Antzokian dantzan egiteko aukera egongo da, Dantzatu Gurekin taldeko Maite Gasko kideak jakinarazi duen bezala. Gauean berriz kontzertuak egingo dituzte
Kapillan; Nuntxaku Kultur elkarteak antolatuta.
Kontzertuetarako bost euroko sarrera ordaindu beharko da eta gainontzeko ekitaldietan kutxa batzuk jarriko dituzte, bertaratzen direnek
nahi duten diru kopuruarekin lagundu dezaten.
Katea Sareko Mirenlur Santiagok nabarmendu duenez “gure
proiektu solidarioak aurrera ateratzeko laguntza bat izango da, herritarrek ekimen kultural ezberdinekin gozatzen duten bitartean lagundu ahal izango digute”.
EGITARAUA
Azaroak 26, zapatua:
-12:00. Kabidxen, MB2000 zerbitzuak antolatuta, eskulanak, dantzak eta karaokea. Ipuin Lapikuek ipuin kontaketa saioa. Haitz Nagusije elkarteak alde zaharretik ibilbidea eskainiko du alde zaharretik.
-13:00. Lamerako kioskoan, Alkartasuna Dantza taldeak
Dantzaz Blai erromeria egingo du.
-19:00. Lamerako kioskoan ere, Txo Sevillaren erakustaldiko dantzak.
-20:00. Bermeoko Kafe Antzokian, Dantzatu Gurekin taldeko kideek dantzaldi gaua antolatu dute.
-21:30. Kapillen,
Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta
Cruz de Hierro Sound System taldeen kontzertuak, Nuntxaku kultur elkarteak antolatuta.