Euskararen inguruan hausnartuko dute Miñe Lamiñe ekitaldian
Miñe Lamiñe ekitaldiaren eta 2015eko jaioberrien liburuaren aurkezpenaren bitartez, Euskararen Egunerako motorrak berotzen hasiko dira Bermeon. Lagunartean, euskararen inguruko hausnarketa egingo dute azaroaren 26an, Miñe Lamiñe ekitaldian. Bermeok...
Miñe Lamiñe irekia da, edozein herritarrek parte har dezake. Geuk eus kanpainaren baitako 250 bideoetan, herritar askoren ahotsean entzun ahal izan da euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak. Aurten, hortaz, kafeaz eta mokaduaz lagunduta, parte hartzaileek diskurtsoa landuko dute. «Hizkuntza asko ditugu inguruan, eta hala izango da etorkizunean ere. Hortaz, zer behar dute belaunaldi berriek euskarari eusteko? Zergatik aukeratuko dute euskaraz bizitzea? Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara», esan du euskara teknikari Maite Alvarezek. Parte hartu gura dutenek euskara sailean (91-617 91 32) eman beharko dute izena
2015ean 162 ume jaio ziren
Bestalde, azaroaren 27an (domeka), 2015ean jaiotakoen liburua banatzeko jaialdia egingo dute. Bermeoko Kafe Antzokian izango da, 12:00etan. Modu horretan, 2015ean jaio diren 162 umeek eta euren familiek bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere edukiko dute.
2015eko jaioberrien liburuaren aurkezpenera bertaratzen direnek Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera izango dute. Gurasoak, umeak eta familiak izango dira jaiaren protagonistak; horregatik, Kafe Antzokiko agertokira igota, guraso batzuek euren umearen bertsoa irakurriko dute. Azkenik, familia argazkia aterako dute.