Halloween urrun utzita, Metal Festa egin dute
Datorren urtean 10 urte beteko ditu Halloween Metal Fest jaialdiak, eta Spookypheria kultur elkarteak zerbait berezia prestatu gura du. 2017ko jaialdian mozorro lehiaketa berreskuratu gurako lukete.Beste urte batez, zapatuko Halloween Metal Fest jaiald...
Datorren urtean 10 urte beteko ditu Halloween Metal Fest jaialdiak, eta Spookypheria kultur elkarteak zerbait berezia prestatu gura du. 2017ko jaialdian mozorro lehiaketa berreskuratu gurako lukete.
Beste urte batez, zapatuko Halloween Metal Fest jaialdiak emandakoagaz«oso pozik» agertu dira Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak. Halloween eguna urrun utzita egin dute aurten jaialdia, hala ere, jendeak erantzun egin du, eta iaz baino lagun gehiago batu ditu.Halloween urrun geratzen zenez, aurten ez dute mozorro lehiaketarik egin, bai, ordea, taldeek utzitako materialagaz urtero egiten dituzten zozketak. Hala ere, ohitura mantendu eta mozorrotuta ibili ziren baten batzuk ere egon ziren.
Mozorro jaia alde batera utzita, metal jaia izan zen zapatukoa. Musika mota hori gustuko dutenek asko gozatzeko aukera eduki zuten. Bost talde egon ziren Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean; metal genero desberdinetakoak. Jaialdia musika gogorragaz hasi bazen ere, lasaiagorantz egiten joan zen, melodikoagorantz, hain zuzen.
Nafarroako Diabulus In Musica kartel burua koruagaz agertu zen Bermeon, eta «izugarria» izan zela azaldu dute antolatzaileek, «arrakastatsua» izan zela nabarmenduta. «Gehienek esan digute asko gustatu zaiela».
2017koa bideratuta
Lehenengo urtez, Halloween Metal Fest jaialdian ohikoak diren videojukebox-ak kontzertuak amaitu ostean jarri dituzte aurten, eta ez hasieran. Formatu horregaz jarraitzeko asmoa agertu dute Spookypheria Productions elkartekoek: «Gustuko dutenak horren zain egoten dira, eta, modu horretan, giroa mantentzen dugu».
Datorren urtean, 10 urte beteko ditu Halloween Metal Fest jaialdiak, eta zerbait berezia prestatuko dutela diote. Datorren urtekoa «bideratuta» daukatela azaldu dute, gainera, baina ez dute askorik aurreratu gura izan. 2017ko jaialdia azaroaren 4an egin gurako luketela adierazi dute, eta mozorro lehiaketa berreskuratzea izango litzateke asmoa. Momentuz, hori baino ez dute aurreratu.