Beste urte batez, zapatuko Halloween Metal Fest jaialdiak emandakoarekin “oso pozik” agertu dira Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak. Halloween eguna urrun utzita egin dute aurten jaialdia, hala ere,
jendeak erantzun egin du, eta,
iaz baino lagun gehiago batu ditu aurtengo jaialdiak.
Mozorrotuta agertu zen lagun bat. Argazkia:Txaber Miravalles (Conserje del Universo Fotografia)
Halloween urrun geratzen zenez, aurten,
ez dute mozorro lehiaketarik egin, bai, ordea, taldeek utzitako materialagaz urtero egiten dituzten zozketak. Hala ere, ohitura mantendu eta mozorrotuta hurbildu direnak ere egon direla esan dute antolatzaileek. Mozorro jaia alde batera utzita, metal jaia izan zen zapatukoa. Musika mota hori gustuko dutenek, asko disfrutatzeko aukera eduki zuten.
Bost talde izan ziren Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean; metal genero desberdinetakoak. Jaialdia musika gogorrarekin hasi bazen ere, lasaiagorantz egiten joan zen, melodikoagora.
Nafarroako
Diabulus In Musica kartel burua
koruagaz agertu zen Bermeon, eta
“izugarria” izan zela azaldu dute antolatzaileek, “arrakastatsua” izan zela nabarmenduta. “Gehienek esan digute asko gustatu zaiela”, azaldu dute.
Argazkia: Txaber Miravalles (Conserje del Universo Fotografia)
Lehenengo urtez, Halloween Metal Fest jaialdian ohikoak diren
videojukebox-ak kontzertuak amaitu ostean jarri dituzte aurten, eta, ez, hasieran.
Formatu horrekin jarraitzeko asmoa agertu dute Spookypheria Productions elkartekoek: “Gustuko dutenek, horren zain egoten direlako, eta, modu horretan, giroa mantentzen dugu”.
Datorren urtean, 10 urte beteko ditu Halloween Metal Fest jaialdiak eta
zerbait berezia prestatuko dutela diote. Datorren urtekoa “bideratuta” daukatela azaldu dute, baina ez dute askorik aurreratu gura izan. 2017ko azaroaren 4an egin gurako lukete jaialdia eta mozorro lehiaketa berreskuratzea izango litzateke asmoa. Momentuz, hori baino ez dute aurreratu.
Txaber Miravallesek (Conserje del Universo Fotografia) Halloween Metal Festean egindako zenbait argazki: