Gernika KESBeko maila guztietako taldeen aurkezpena egin zuten Malosten, bariku arratsaldean. Beheko mailetatik hasi, eta Emakumezkoen Ligako talderaino, banan-banan kantxaratu ziren jokalariak.
Denak ere ilusio eta sentimentu beragaz batu ziren, eta gauzak ondo egiteko gogoagaz. Horrela, 400 jokalari baino gehiagok atera zuten talde argazkia, saskibaloiak Gernika-Lumon bizi duen aro oparoaren adierazle.
Muxikako Urretxindorra, eta Gernika-Lumoko Allende Salazar, Seber Altube, San Fidel, Mertzede ikastetxeetako eta Gernika B.H.Iko 28 taldeetako eta federatutako bederatzi taldeetako kideak pozik batu ziren, beste urte batez. Era berean, gero eta mutil gehiagok saskibaloian jokatzen zutela erakutsi zuten, sortu berri duten Gernika Mutil Harrobia taldeko kideek.
Halaber, jokalarien adierazpenakaz eta lehen taldeak iaz egindako lanaren errepasoagaz osaturiko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zuten Malosten bildutako guraso zein zaleek.
Argazkia: Gernika KESB.