Gernika R.Tak 24-6 irabazi zion Ampo Ordiziari, zapatu arratsaldean. Ohorezko Mailaren sailkapenean bi taldeak hamazazpina puntu dituzte. Talde gernikarra sailkapeneko zazpigarrena da, eta atzetik du talde ordiziarra.
Aurkariaren zelaian egin beharreko jokoa zein zen jakinda, eta ideiak argi zituztela zelairatu ziren ordiziarrak. Horrela, transformaturiko zigor-entsegu baten ondorioz, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Etxekoak markagailuari buelta ematen ahalegindu ziren, baina, Ordiziaren defentsa sendoa gainditzea ez zen erraza izan.
Jokoan berdintasuna zen nagusi bi taldeen artean, baina, beste kolpe baten ondorioz, Ampo Ordiziak beste hiru puntu lortu zituen. Orduan, basurdeak suspertu, eta aurkariaren defentsa gainditzeko gogor borrokatu ziren, eta horrela heldu zen etxekoen lehen entsegua. Pichlerrek transformatu zuen, eta ondorioz, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten.
Entsegu horrek garaipenaren bila borrokatzeko indarra eman zien, eta beste hiru puntu ziurtatzeko alde zuten kolpea aprobetxatu zuten.
Argazkia: Anuar Gomez
Partidaren hasierako minutuetan gogor jokatu zuten ordiziarrek, baina, minutuek aurrera egin ahala, eta etxeko jokalariek egindako lan bikainari esker, intentsitatea eta erritmoa galtzen joan ziren. Ondorioz, 10-6ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Garaipena etxean geratzea zen basurdeen asmoa, eta helburu horrekin zelairatu ziren bigarren zatian. Hasi eta bost minutura Justinek jokaldi gogoangarria burutu, eta aurkariak atzean utzita, entsegua lortu zuen. Pichlerrek arazo barik transformatu zuen, 17-6ko markagailua erdietsiz.
Handik gutxira, etxekoen aldeko zigor-entsegua adierazi zuen Ignacio Muñoz epaile madrildarrak, baina, Pichlerrek ez zuen asmatu. Hala ere, hurrengo minutuetan eta partida amaiera arte basurdeek haien nagusitasuna erakutsi zuten zelaian. Bigarren zatia hasi, eta 20 bat minutura etxekoek beste entsegu bat lortu, eta transformatu zuten, eta ondorioz, 24-6ko emaitzagaz amaitu zen derbia.