Santamariak ordu bete, 28 minutu eta segundo bakarrean burutu zuen atzoko proba. Frutosek, berriz, bi ordu, bi minutu eta 46 segundoko marka lortu zuen.
Zuriñe Frutos probaren une batean.
Argazkilaria: Itziar Oviedo
Santamarigaz batera, Alexander Ordeñanak eta Josu Isasik osatu zuten gizonezkoen podiuma. Alde estua egon zen hiruren artean. Irabazleak 26 segundo baino ez zizkion atera bigarrenari, eta Isasik Santamariarengandik bi minutu eta 52 segundora amaitu zuen mendi duatloia.
Emakumezkoen sailkapenari dagokionez, Usansolo U113 Triatloi taldeko Esti Garcia sailkatu zen bigarren (2:07.41), eta haren atzetik heldu zen Triatlon Santander taldeko Laura Perez (2:09.31).
Bestalde, kluben arteko sailkapenean Galarregi Galdaratz nagusitu zen, eta Elkartu Nahi T.E eta Trigoi TT sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Frontoian hasi eta amaitu zuten proba.
Argazkilaria: Itziar Oviedo
73 parte hartzaile
73 kirolarik lehiatu zuten atzo Euskal Herriko zirkuituaren barruko Eako I. Mendi Duatloia. Txipiroi taldeko kideek balorazio ona egin dute, eta izandako parte hartzeagaz batera, herrian sortutako giroa nabarmendu dute.
“Parte hartzaile aldetik espero genuen kopurua da. Oso pozik gaude. Euskal Herri mailako proba dela kontuan hartuta, eta Behobia Donostia lasterketaren egun berean izan dela ikusita, kopuru polita da”, azaldu du Urtzi De La Torre Txipiroi taldeko kideak.
Argazkilaria: Itziar Oviedo
Aurreikusitako helburuak bete dituztela zehaztu du, eta batik bat partaideen eta ikusleen aldetik sortutako giroa azpimarratu du. Horregaz batera, herritarren laguntza eskertu du: “Auzolana da Euskal Herri mailako proiektu honen oinarrietako bat, eta gurean lan ikaragarria egin dute antolakuntza lanetan lagundu gaituztenek. Bestalde, giroari dagokionez, oso ederra izan da euskalki desberdinak gure kaleetan entzutea”. Izan ere, 30-40 pertsonaren laguntza izan dute.
Parte hartzaileak ere pozik eta gustura egon direla adierazi dute antolatzaileek: “Prestatu dugun ibilbidea ikusgarria dela esan digute, itsasoaren kontrara izatea asko gustatu zaie, eta askok udan Txipiroi BTT martxan eta mendi lasterketan parte hartzera etorriko direla diote”.