San Martin egunaren harira, Andeko Tabernak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen
Bermeoko Udalaren XV. Odoloste Txapelketa lehiatu da goizean.
25 harategik parte hartu dute aurten, eta, epaimahaiaren arabera,
Mungiko Morga harategiak egiten duen buzkentza izan da
gozoena. Bermeo, Mungia, Gernika-Lumo, Zornotza eta Loiuko buzkentzak izan dira lehian.
Morga harategikoak saria hartzen
Bermeoko Mikel Izarzugaza harategiari eman diote
bigarren saria, nahiz eta, gaur ez den sari banaketara aurkeztu.
Hirugarren saria, berriz,
Bermeoko Baserri harategiak jaso du. Urtero legez, gaurko Lameran egon den azokaren baitako
erakusmahaien arteko politena ere aukeratu eta saritu dute. Hain zuzen ere,
Bermeoko Barturen harategiak jarritakoak jaso du aurten izendapena.
Morga harategiko harakin Jon Orue “oso pozik” zegoen bere harategiaren erakusmahaian, lehenengo saria jaso ondoren. Ez da Bermeoko odoloste txapelketan lehenengo saria jasotzen duten lehenengo aldia, beste urte batean ere jaso zuten. Gainera, beste hainbestetan bigarren eta hirugarren sariak ere jaso izan dituztela azaldu du.
Sariek salmentetan “asko” laguntzen dutela esan du, batez ere, “azokaren azken orduetan”. Aurtengo buzkentzik gozoenak “sekreturik ez” duela esan du, eta, gainontzeko urteetan aurkeztutako buzkentzen moduan egindakoa dela gaineratu du. Orueren ustez, inguruko harakin gehienek “antzera” egiten dituzte buzkentzak. Aurten, baina, “zorte ona izan dugu eta gurea izan du epaimahaiak gustukoena”. Hala, Bermeon gustura egoten direla eta, datorren urtean bueltatzeko asmoa agertu dute.
Barturen harategiaren erakusmahaia
Euriak atseden apur bat eman du goizean, eta, eguerdi aldera, jendez bete da Lamera. Txerrikia eskuratzeko aukera eman duten zortzi harategiez gain, San Martin azokara bertaratu direnek beste hainbat gauza eduki dituzte aukeran: Ogia, euskal pastela, gazta, txakolina, eztia, pateaā¦ Bestalde, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere egon da.