«Maitasun eta ilusio handiagaz egin nuen itzulpena»
Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik Itzulpen Onenaren Saria eman eta kendu dio Espainiako Kultura Ministerioak. Hala ere, «pozik» eta «esker onez» dagoela adierazi du Karmeldarrak.Noiz jakin zenuen saritua izan zinela?Joan den...
Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik Itzulpen Onenaren Saria eman eta kendu dio Espainiako Kultura Ministerioak. Hala ere, «pozik» eta «esker onez» dagoela adierazi du Karmeldarrak.
Noiz jakin zenuen saritua izan zinela?Joan den asteko eguen goizean Andres Urrutiak deitu zuen Madriletik prisaz, Santa Teresaren poesia bat edo bi eskatzen. Gero, bazkaltzen geundela, Espainiar estatuko Kulturako Ministroaren idazkariak deitu zuen eta ofizialki esan zidan Santa Teresa Jesusenaren obra guztiaren itzulpena saridun atera zela. Pozik jarri ginen, eta elkarrizketa batzuk ere izan nituen hainbat komunikabidegaz. Lagunek ere deitu zuten zoriontzeko.
Ezezkoa noiz ailegatu zitzaizun?
Gabaz horren buelta etorri zen. 21:10 inguruan deitu zuen epaimahaiko buruak akats larri bat eduki zutela eta sari hori baliogabetu egin beharko zutela esanez. Handik apur batera El Paisekoak deitu zuen eta saria baliogabetuta zegoela inork ofizialki esan zidan galdetu zuen. Arduradunen batengatik ez, baina epaimahai buruak baliogabetu egin beharko zutela esan zidala erantzun nion. Baliogabetzea definitiboa zen galdetu nion eta baietz esan zidan.
Ze arrazoi eman zizuten horrelako akats baten aurrean?
Epaimahaikoak esan zidan euretako inor ere ez zela konturatu. Euskarazko ordezkariak, Andres Urrutiak, zekiela bakarrik euskaraz, eta berak Santa Teresaren olerkiak irakurri eta emandako informeekin, eta lana ikusita harrituta geratu zirela, eta lan honi saria ematea erabaki zutela. Baina, ez zirela konturatu, protesta komunikabide batek egin zuela. Gertatutakoaren aurrean lotsatuta zeudela esan zidan, akats larria zelako.
Hortik aurrera, komunikabideen deiak etengabeak izango ziren.
Hurrengo eguna egun ikaragarria izan zen. Komunikabideen aldetik lurrikara baten modukoa. Ni ez nago ohituta horrelako gauzetara, apur bat lotsakorra ere banaiz-eta jendaurrean agertzeko. Nire burua apal ikusten dut, maila horretan ez, inola ere. Komunikabide asko hasi ziren deitzen, batez ere erdaldunak, Madrilekoak. Hiru telebista kate ere egon ziren elkarri txanda hartu ezinda. Ordu berean, elkarren atzetik. Laster amatatuko zela gaia pentsatu nuen, baina hurrengo egunean, Espainiako ministro berriak deitu zuen: Iñigo Mendez de Vigok. Zelan nengoen galdetu zidan eta desilusionatuta nengoela esan nion, hala ere etsi oneko. Giza akats larri bat egon zela eta, zati batean behintzat, gertaera zelan arindu pentsatzen ari zela esan zidan. Baina ez dakit horregaz zehatz zer esan nahi zuen.Tantaka-tantaka beste medio batzutatik ere deitu didate aste honetan ere.
Zelan hartu duzu zuk baliogabetzea?
Dana dala pozik nago. Maitasun handiz eta ilusio handiagaz egin nuen itzulpen hau. Hasieran gaztelaniazko klasiko bat euskarara itzultzeak zertarako balioko zuen pentsatu nuen, euskaldun guztiok dakigulako gaztelania, baina gero konturatu nintzen, eta hitzaurrean esaten dut, Santa Teresa euskaraz beste gauza bat dela.
Pertsonaiak berak era badauka garrantzia.
XVI. mendean, emakumea gutxitzat hartzen zen garai baten, horrelako pertsonalitatea zeukan emakume bat garrantzitsua da. Lider bat izan zen, ez emakumeen artean bakarrik, gizonezkoen artean ere bai, eta Karmeldarren ordenaren fundatzailetzat daukagu. Normalean ordena erligiosoen fundatzaileak gizonezkoak izaten dira, bai emakumeen ordena eta kongregazioenak bai eta gizonezkoenak ere. Kasu honetan Santa Teresa bai gizonezkoen zein emakumezkoen fundatzailea da. Santa Teresaren nortasuna ikaragarria da, eta berak oraindino gaurkotasun handia dauka mugimendu feministaren aldetik ere. Batez ere ekintzak gaitik. Perfekzio bidea-ren hasieran bere burua txiki ikusten duela esaten du mojen erreforma egiteko. Baina, gero, bere obran zehar, emakumea aldarrikatu ere egiten du.
Zein kasutan?
Esate baterako Bibliako Kantarik Ederrenari buruzko komentario bat egiten du. Biblia ikutu ezina zen garai haietan, itzultzea ere tabu modukoa zen, eta bere konfesoretariko batek bere idatzia desegin egin behar zuela esan zion. Harritzekoa zela Kantarik Ederrenaren komentarioa egitea, gainera emakume batek. Horri erantzunez, Santa Teresak, gutun baten idazten du ez dakiela zelan teologo eta letratuek ez duten ulertzen emakumeek eskubidea daukatela Jaungoikoaren maitasuna adierazteko, eta gainera euren erara adierazteko.
Zelan sortu zitzaizun Santa Teresaren obra guztia itzultzeko ideia?
Hasieran, mezenas misteriotsu bat eduki genuen. Gure fraide bat, nire herrialdekoa, Donostialdean egon zen priore urte askoan eta adiskide asko zituen. Adiskide horietako batek, sekula nor zen esan nahi izan ez zuena, Santa Teresaren obra itzultzea eskatu zigun, eta berak diru apur bat emango zuela. Orain dela 8 urte inguru egin zuen eskaria, baina nik luzapena eman nion. Gero, serio etorri zen, dirua eskuetan zuela. Gainera, Santa Teresaren jaiotzaren mendeurrena ere bazetorrela eta, egin behar nuela erabaki nuen. Nik operazio bi eduki ditut, eta bera etorri zenean makal nengoela esan nion, eta berak «Santa Teresak osatuko zaitu» esan zidan, eta egia bihurtu da hori. Hau itzultzea niretzako terapia bat izan da.
Obra guztiori itzultzeak bere zailtasunak izango zituen.
Gaitza ere izan da Santa Teresak kartetan eta fundazioetan gaztelaniazko esapide asko erabiltzen dituelako, eta horrek itzultzerakoan kontu handia eduki behar da, bestela kalkoak egiten dituzu. Beste esapide bat pentsatu behar da, hori esan nahi duena, baina euskaraz. Sari honetan erabakigarriak izan dira, dirudienez, poesiak. Nik errima neure erara egin dut, lerroak ondo etortzen zen moduan errimatuta, baina bere neurri berean itzulita daude. Gaztelaniaz Santa Teresaren olerki batzuk kantatu egiten dira, musika daukate, eta neurri berdinean itzuliz gero, musika berdinagaz kantatu daitezke euskaraz ere.
Ekarpenik egin dizu gertakari guztionek?
Esker onez nago, bestela lana ezkutuan geratuko litzateke. Hau gertatu denean oraindino gehiago nabarmendu dute itzulpenaren balioa. Baldintza bategatik kendu didate, baina liburuaren balioa hor dago eta hor geratuko da. Euskaltzaindiko Andres Urrutiak eta Adolfo Arejitak esandako berbak gustuko izan ditut. Gaitza den testua errez bihurtzen dudala eta ekarpen paregabea egiten dudala esan dute. Liburuaren hasieran Andres Urrutiak dion modura, gaztelaniazko klasiko bat itzulpen honek beste klasiko bat bihurtu du euskaraz.
Santa Teresaren lanagaz egin duzun moduan besteren baten obrak euskaratzeko asmorik badaukazu?
San Juan Gurtzekoren antologia moduko bat badago lehenagoko euskaran eginda. Baina, lagun batzuk esaten dabiltza zergatik ez dudan bere obra egiten. Agian jausiko naiz tentaldi horretan. Momentuz Adorez hiztegi elebiduna berriztatzen ari gara eta zuzenketak egiten nabil.