Bermeo eta Mundaka lotzen dituen BI-2235 errepideko oinezkoentzako bidea egokitzeko lanak amaitu dituzte. Bermeoko sarrerako biribilgunetik antzinako gasolindegira doan tartea egitea falta zen, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak lanak amaitu ditu. Bermeoko Lurgintza saileko zinegotzi Amaia Elorzak adierazi duenez, “nahiz eta nahiko denbora itxaron behar izan dugun, azkenean, bide hori oinezkoentzat egokitzea lortu dugu. Herritarrek, orain, bertatik paseatzeko aukera dute”.

Oinezkoentzako egokitu duten azken zatia. Argazkia: Bermeoko Udala
Elorzak jakinarazi duenez, “saihesbidearen proiektuaren baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen saihesbideak Bermeorekin izango zituen loturak aurreikusi. Udalak, hala ere, bide hori aldarrikatu du, eta negoziazioak egin ondoren, oinezkoentzako bidea egokitzea lortu dugu”.
Bestalde, herrirako bi sarreretan dauden biribilguneetan mantenu lanak egitea beharrezkoa dela iritzita, Bermeoko Udalak horiek egiteko eskaera egin dio Foru Aldundiari, horiek baitute biribilgune horien ardura. Zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldutakoaren arabera, “euria egiten duenean ura gelditzen da biribilguneetan, batez ere, Solluberako bidean dagoenan. Horrez gain, bietako berdeguneen egoera ez da aproposa: Landareak falta zaizkie eta garbitasuna ez da behar den modukoa”.