Baso jabeek ere Urdaibai kudeatzeko plan berria errefusatu dute
Urdaibai kudeatzeko plan berria egiteko ez dute Busturialdeko basoen jabeen iritzia kontuan hartu. Araudi berriak debeku eta mugak jartzen dizkio jarduerari, inolako konpentsaziorik gabeBizkaiko Basogintza Elkarteak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Era...
Urdaibai kudeatzeko plan berria egiteko ez dute Busturialdeko basoen jabeen iritzia kontuan hartu. Araudi berriak debeku eta mugak jartzen dizkio jarduerari, inolako konpentsaziorik gabe
Bizkaiko Basogintza Elkarteak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta kudeaketa Zuzentzeko Planagaz (EKZP) desadostasuna adierazi du, «basoen ustiapenari dagokionez plan berri horrek ezartzen dituen muga eta debekuengatik». Aldi berean, elkarte eta basoen jabeek adierazitako erreklamazio eta ekarpen guztiak gutxietsi dituztela adierazi du elkarteak.«Egin ditugun erreklamazioetatik bat bera ere ez dute kontuan hartu», azaldu du Fernando Azurmendi Bizkaiko Basogintza Elkarteko zuzendariak. Buletinean oraindik publikatu gabe dagoen arren, plana indarrean sartzen denean arazoak sortuko direla aurreratu du Azurmendik, adierazi dituztenak baino ondorio gehiago egongo diren irudipena daukatela adieraziz.
Elkarteko zuzendariak jakinarazi duenagatik, Busturialdean 600 bat baso jabe daude, eta Busturialdeko basoetatik %99 jabego pribatuan daude.
EKZP berriak dakartzan babes eremuen gehikuntzagaz, baso eremuetako jarduerekiko baldintzak nabarmen ugaritzen direla diote, baina ez dute zehazten baldintza berri horiek nola gauzatuko dituzten, ezta ere konpentsaziorik egongo den basoen jabeentzat. «Parke naturaletan baso jarduerek konpentsazioak dauzkate, mugak dauzkatelako eta horrek gainkostua suposatzen duelako, baina hemen ez da inolako konpentsaziorik ezarri, hasieratik dena debekatu dute».
Arazo horren jatorria baso jabeen iritzia kontuan hartu ez izana dela dio Azurmendik. Ikerketa zientifikoa egin dutela dio, baina ez dute sektorean lanean dauden pertsonekin ez basoen jabeekin hitz egin, ezta sektorearen azterketa sakon bat egin ere.
Hainbat espezie
Araudi berriak, batez ere, laburrean hazten diren pinu eta eukaliptoaren landaketei mugak jartzen dizkie, horien ordez hazkunde epe ertain edo luzea duten haritza, pagoa edo arteari lehentasuna emanez. Artea moduko espezieak, baina, ezin daitezke salmentarako esplotatu, basoa lantzen duten lur jabeen kalterako.