XX. Xixili Torneoa lehiatu duten taldeek maila oso ona erakutsi dute
Xixilik kluben arteko saria lortu du, eta taldekako kadeteen kategorian bigarren sailkatu da. Estibaliz Basterretxea nagusitu da gaztetxo mailan. Espainiako Txapelketa daukate asteburuanZapatuan XX. Xixili torneoa lehiatu zuten taldeek maila ona erakut...
Xixilik kluben arteko saria lortu du, eta taldekako kadeteen kategorian bigarren sailkatu da. Estibaliz Basterretxea nagusitu da gaztetxo mailan. Espainiako Txapelketa daukate asteburuan
Zapatuan XX. Xixili torneoa lehiatu zuten taldeek maila ona erakutsi zuten. Emaitzagaz pozik, balorazio oso ona egin du Xixili Gimnastika taldeak. «Maila altua egon da, eta emaitzagaz oso pozik gaude. Dena ondo irten da, eta kanpotik etorritako taldeek antolakuntzagatik zoriondu gaituzte», azaldu du Andres Uriondo talde bermeotarraren kideak.Etxeko taldeari dagokionez, kluben arteko txapelketako saria lortu zuen, eta kadeteen taldeko sailkapenean bigarren postua eskuratu zuen. Halaber, gaztetxoen mailako bakarkako lehia Estibaliz Basterretxea taldekideak irabazi zuen.
Bestalde, bakarkako kadeteen lehian, Ipurua taldeko Alaitz Aranberri gipuzkoarra nagusitu zen, eta gazteetan, berriz, Nerea Monasterio Aresketa taldeko arabarra izan zen onena.
Guztira, lehen mailan lehiatzen diren hamazortzi taldetako kideak batu ziren zapatu arratsaldean, Bermeoko Arene Kiroldegian.
Etxeko taldeagaz batera, Bizkaitik Sakoneta, Dana eta Santutxu taldeetako ikasleak lehiatu ziren; Gipuzkoako talde bakarra Ipurua izan zen, eta Oskitxo eta Aresketa talde arabarretako kideak ere aritu ziren lehian.
Bestalde, Espainiatik, Calahorra talde errioxarra; Asturiasko Versalles eta Siero eta Gaztela eta Leongo Armonia taldeko gimnastikalariak ere egon ziren. Hala, partaide gehienak talde kantabriarretakoak izan ziren: Santander, Castro Urdiales, Laredo, Torrelavega, Serpentinas, Cartes eta Santillana-Reocin.
Espainiako Txapelketa
Zapatuan Bermeon eta domekan Logroñon jokatu dituzte Espainiako txapelketaren aurreko azken bi saioak. Izan ere, Xixili Torneoa txapelketa horretarako prestaketa moduan hartzen dute.
Uriondok azaldu duenez, talde batzuk oso ondo prestatu direla ikusi zen zapatuan. Esaterako, etxeko taldeagaz batera, gazteetan Laredok eta kadeteetan Castro Urdialesek talde sendoa dutela erakutsi zuten.
Asteburuan Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatuko dute Espainiako Txapelketa. Talde kategorian, Xixilikoek kadete eta gazte mailak lehiatuko dituzte, eta Basterretxeak bakarkako gaztetxoen mailan parte hartuko du.