Ongietorri bero eta hunkigarria jaso du Andoni Larizek Ziortza-Bolibarren
Frontoian egin zioten ongietorria zapatuan. Sakabanaketa eta preso gaixoak espetxean mantentzea ahalbidetzen duen espetxe politikagaz amaitzeko eskatu duteZiortza-Bolibarko frontoia bete egin zuten zapatuan, ziortza-bolibartarrek zein eskualdeko hainba...
Frontoian egin zioten ongietorria zapatuan. Sakabanaketa eta preso gaixoak espetxean mantentzea ahalbidetzen duen espetxe politikagaz amaitzeko eskatu dute
Ziortza-Bolibarko frontoia bete egin zuten zapatuan, ziortza-bolibartarrek zein eskualdeko hainbat herritarrek Andoni Larizi ongietorria emateko. Ekitaldi beroa bezain hunkigarria izan zen.Ikurrin artean eta txalaparta doinuak entzuten ziren bitartean igo zen Lariz agertokira, gurasoak ondoan zeuzkala. Ekitaldian espetxe politika aldatzeko eskatu zuten, gaixorik dauden presoen egoeragaz amaitzeko premia gogora ekarriz eta sakabanaketak eragiten duen sufrimendua eta errepidean bizitza galdu duten senideak gogoratuz.
Aurreskua eskaini, eta ondoren, opariak eman zizkioten herriko zein eskualdeko hainbat talde eta elkartek banan-banan oholtzara igota. Hunkituta agertu zen Lariz, eta horrelaxe adierazi zuen hitza hartu zuenean. «Lehenengo eta behin, esan, hunkituta nagoela zuok danok hemen ikusita. Eta hori esanda, nire lehen akordua gaur atxilotu duten Mikelentzat».
Herrigintzaren garrantzia
Herritik kanpo egon den zazpi urteetan Euskal Herriaren eta Ziortza-Bolibarren alde lan egin dutenak eta ezker abertzale berri baten eta aliantza independentista berri baten alde jardunean aritu direnak gogoratu zituen. Horrez gain, herrigintzaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Sorturen eztabaida saioetan parte hartzera animatu zituen frontoian bildutakoak. Amaitzeko, Harrera elkartearen balioa eta lana goraipatu zituen, eta horretarako «denen laguntza» beharrezkoa zela esan zuen.
Tartean tarteko abestiekin girotu zuten ekitaldia, eta mokadutxoa hartzeko aukera ere eduki zuten frontoian bildutakoek amaieran.