Sortu berrantolatzeko kongresua egingo dutela iragarri dute
Alderdia berrantolatzeko prozedura hasiko dutela jakinarazi dute gaur, Elai Alai aretoan egin duten agerraldian. Kohesio falta eta oinarri sozialekiko desafekzioa zela eta, alderdiaren antolamendu berria osatzeko prozedura hasi dutela jakinarazi dute Mikel Fidalgo eta Irati Bidauerreta bozeramaileek.
Gernika-Lumori dagokionez, prozesu hau aurkezteko eta aurrera eramateko ekintzen datak hauek izango dira: azaroaren 17an, 19:00etan ponentziaren defentsa egingo du zuzendaritzako kide batek, Elai Alai aretoan; azaroaren 19an eztabaida nazionala egongo da eta streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da; eta azaroaren 26an Herri Batzarra egingo dute Harizpen, 10:00etan.
Egitasmoaren parte hartzaileen akreditazio prozesuan daudela esan dute gaur. Izen ematea interneten bidez ari dira egiten partehartu.sortu.eus webgunean.
Berrantolaketa prozesu honekin hasteko, oinarri sozialei hitza eman eta 9.000 elkarrizketa inguru egin dituztela adierazi dute. Hortik ateratako ondorio eta balantze kritikoetatik eta Zutik Euskal Herria dokumentutik abiatu den bidea jarraituko dutela zehaztu dute.
“Garai berrietan ez dugu jakin antolakuntza eredu berritzaile bat martxan jartzen”, onartu du Fidalgok gaurko agerraldian. Estrategia independentistaren gako moduan prozesu hau hastearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.
Dituzten korapiloak, sozialismoa, euskara, desobedientzia, estrategia feminista edo gatazkaren bukaerari behingoz konponbidea aurkitzeko, erabakia hartu dutela gaineratu dute, eta horretarako ezker abertzalea ordezkatzen duen alderdia birfundatzea beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Urtarrilaren 21ean egingo duten Sorturen birfundazio kongresu nazionalean, alderdiaren ildo berria zehaztuko dute, ezkerrekoak eta abertzaleak diren herritarren guztien parte hartzearekin.
“Uste dugu zerotik abiatzeak abantaila asko ekarriko dizkiola herriari”, azaldu du Bidaurretak, birfundazio nazionalaren ostean herriko antolamendua hasiko direla ere zehaztuz.