Zaldi probak egingo dituzte Etxebarrian, gaurtik hasita
Zaldi nagusien proban bederatzi probalarik parte hartuko dute, eta kintxopekoetan, sei izango dira. 800 kiloko harriagaz lehiatuko dute, eta 50 kiloko txapa izango duteGaurtik etzira zaldi nagusien probak lehiatuko dituzte Etxebarrian, eta astelehenean...
Zaldi nagusien proban bederatzi probalarik parte hartuko dute, eta kintxopekoetan, sei izango dira. 800 kiloko harriagaz lehiatuko dute, eta 50 kiloko txapa izango dute
Gaurtik etzira zaldi nagusien probak lehiatuko dituzte Etxebarrian, eta astelehenean eta martitzenean, ostera, Kintxopekoen txanda izango da.Gaur 22:00etan hasiko den lehenengo saioan, Aulestiko Koba, Mañuko Erauskin eta Itziarko Etxeberri lehiatuko dira; ordu erdian markarik onena lortzen saiatuko dira.
Bihar proba ere ordu berean izango da, eta bertan Mungiako Goieta tabernako kideak, Berangoko Goitiak eta Aulestiko Jose Luis Idoetak burutuko dute saioa.
Etzi, bestalde, hiru probalari hauen arteko lehiaz gozatuko dute ikusleek, 18:00etan hasita: Markina-Xemeingo Patxua tabernako ordezkaria, Lopez laudiotarra eta Errotatzu.
Sei probalari
Kintxopeko zaldi probari dagokionez, sei probalarik lehiatuko dute txapelketa. Probei dagokienez, 21:00etan hasiko dira asteleheneko zein martitzeneko saioak.
Lehen egunean Mañuko Irati Erauskin, Mungiako Xabier Landaluze eta Laukizko Totxi ariko dira markarik onenaren bila. Biharamuneko deman, berriz, Guriezoko Fermin Santamariak, Orioko Imanol Etxeberriak eta Gamizko Construcciones Torrontegiko ordezkariak parte hartuko dute.
Probak, berriz, 800 kiloko Etxebarriko harriagaz lehiatuko dituzte, eta 50 kiloko txapa izango dute. Abereen oinarrizko pisuari dagokionez, 400 kilotan sartu behar direla zehaztu dute antolatzaileek, eta hortik gorako kilo bakoitzeko kilo bateko gainkarga izango dute. Hain zuzen ere, saioak hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte zaldiak.
Sariei dagokienez, txapeldunek 800 euro, manta eta txapela irabaziko dute. Bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuek, bestalde, 700, 600, 550, 450 eta 400 euro irabaziko dituzte, hurrenez hurren.
Saririk jasotzen ez dutenek, bestalde, 300 euroko dieta jaso ahal izango dute, baina horretarako, gutxienez, txapeldunaren markaren %70 egin beharko dute.