Udaletxea berritzeko lanak hiru astean bukatuko dituzte
Muxikako udaletxearen teilatua berreraikitzeko beste hiru aste behar izango dituztela adierazi du Aitor Goldaraz Muxikako alkateak. Ugarte auzoan dagoen eraikinaren teilatuak zuen egoera txarra zela eta, udalak berritzeko lanei ekin zien duela aste batzuk.
«Oso kaltetuta zegoen, teila eta hormigoi zati batzuk erori ere egin ziren», adierazi du Goldarazek. «Teilatuak konponketa osoa behar izan du, hain dokumentu baliotsuak gordetzen dituen artxiboan ere hezetasuna sartzen hasi zen, eta hori ere berehala konpondu behar zen, ezer galdu aurretik. Herritarren segurtasunerako lana izan da baita, eraikinaren teilatuak arriskua suposatzen zuelako bertatik pasatzen zirenentzat».
Goldarazek zerbitzuen eskaintzan eragozpenik ez dutela izan adierazi du baita, «bakarrik auzotarrentzat aldamioen eragozpena».
Berritze lan hauetarako aurrekontua 52.000 eurokoa izan dela jakinarazi du alkateak, Herri Administrazioak %31ko diru laguntza eman duelarik.
Lanak esleitzeko prozesua legeak agintzen duen araberakoa izan zela azaldu du, eta egon ziren eskaintzen arabera aukeratu zela lanean dabilen enpresa.