Eako I. Mendi Duatloian izena emateko epea zabaldu dute
VI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren barruan, Eako I. Mendi Duatloia lehiatuko dute hilaren 13an (domeka), eta bertan parte hartzeko asmoa duten atletentzat izen ematea zabaldu dute honez gero.Izena www.turesultado.es edo www.mendiduatloia.eus...
Izena www.turesultado.es edo www.mendiduatloia.eus helbideetan eman behar da, eta era berean, Facebookeko Txipiroi orrialdean ere badago lotura.
Hilaren 12an (zapatua) 22:00etan itxiko dute izen ematea. 150 parte hartzailetan ipini dute muga, baina bete ezean egunean bertan ere izena eman ahalko da.
Aldez aurretik izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira. Hilaren 13an, berriz, 20 euro.
Duatloia hiru zatitan banatuta burutuko dute. Lehenengo sektorean 6,76 kilometroko ibilbidea egingo dute arineketan, 263 metroko desnibelari aurre eginez.
Probaren lehen kilometro horietan, Angelutxu auzotik pasatuko dira, eta lapatzako bidetik bueltatuko dira herrigunera.
Ondoren, bizikletak hartu, eta 14,47 kilometrotan 713 metroko desnibel metatuagaz udalerriko hamaika txokotatik pasatuko dira. Talatik gora joanda, besteak beste, Bixerreka, Larra, Apikale eta Bedaronatik igaroko dira.
Hirugarren sektorean herrigunetik 1,43 kilometroko 47 metroko desnibelagaz zirkuitua burutuko dute.
Txipiroi Ie Mendi Duatloi taldeak lehenengoz antolatu du proba, eta taldeko kideak gogotsu eta buru-belarri ari dira proba prestatzen. «Eako bereizgarria da itsasoa, eta horregatik, ahalik-eta tarte handiena kostaldetik egitea erabaki genuen».
Azaroan amaitu
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua irailean hasi zuten, eta hilabete honetan amaituko dute. Guztira, hamabi probak osatzen dute zirkuitua. Hilabete bakoitzean launa proba egiten dira.
Eako mendi duatloiaren aurretik, etzi, Usansolokoaren txanda izango da. Hilaren 20an Biriatun egingo dute azken aurreko proba, eta azkena, berriz, Zegaman izango da, hilaren azken zapatuan.