«Sari batzuk jaso ondoren, gogotsuago ekiten diogu lanari»
Olaberriako Mikel Etxezarretak eta Elisabete Arrillagak egiten duten Aizpea SC gazta izan da aurtengo Urriko Azken Asteleheneko onena. 5.000 euro ordainduta, Xaibor diskofestak erosi du gazta erdia.Lehenengo aldia al da Gernika-Lumon sari hau jasotzen ...
Lehenengo aldia al da Gernika-Lumon sari hau jasotzen duzuena?
Ez, hiru aldiz jaso dugu hemen Gernikan gazta gozoenagatik saria. Aurten, gainera, kanpaina oso ona daramagu. Gipuzkoako txapeldunak izan ginen, Azpeitiako txapelketan ere lehenengo saria lortu genuen, eta Araian, berriz, bigarren geratu zen gure gazta. Bestalde, Euskal Herriko txapelketako bost txapel ere baditugu. Beraz, ez gaude kexatzeko moduan.
Zer suposatzen du horrelako sari bat jasotzeak?
Izugarrizko poza, zelan ez. Urtean egindako lanaren ondorioa da, beraz, izugarrizko poza ematen du.
Mota honetako sariek lanean jarraitzeko indarra ematen al dizue?
Bai, egia esan, beste grina bat ematen dute. Sari batzuk jaso ondoren, gogotsuago ekiten diogu lanari.
Zelan joan dira gaurkoan [atzo] salmentak?
Oso ondo. Goizean goiz iritsi garenetik saria jasotzera etorri naizen momentura arte, etengabe saltzen ibili gara postuan emaztea eta biok.
Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenera zenbat gazta ekarri dituzue?
Guk ez ditugu gehiegi ekarri, 100 gazta ingurugaz etorri gara.
Eta, esku hutsik bueltatuko al zarete?
Saria jasotzera etorri naizenerako ea gazta guztiak salduta zeuden. Hortaz, ziur nago gazta guztiak salduko ditugula.
Ekoizleek mota honetako aitortzak behar izaten dituzte gaztak saltzeko?
Sariak beti ondo etortzen direla esan beharra daukagu. Hala ere, gure kasuan, gaurkoan, adibidez, saria eman aurretik ea gazta guztiak salduta zeuden.