Talde gernikarrak 54-49 irabazi zion talde errioxarrari, zapatu arratsaldean.
Asmatu ezinik ibili ziren bi taldeak, eta azkenean huts egite gutxien egin zituenarentzat izan zen garaipena. Distirarik gabeko partida izan zen. Baina, talde handien moduan, ondo egin gabe aurkariari gailentzea lortu zuen talde gernikarrak. Hain zuzen ere, 2016-2017 denboraldia hasi zutenetik, Lointek Gernika Bizkaiaksei garaipen jarraian lortu ditu.
Pirsicek sartu zuen lehen saskiratzea, eta Errioxako taldeak segituan berdindu zuen markagailua. Neurketa hasi eta bost minutura, 3-8 aurretik jarri zen Campus Promete. Hala ere, Carterren eta Garciaren bi jaurtiketa libreekin markagailuari buelta eman zion Malosteko taldeak.
11-10 amaitu zuten lehen laurdena. Ondoren, Diezen hirukoagaz hasi zuten bigarren laurdena, eta hurrengo minutuetan hark eta Garciak sartutako beste bi hirukorekin 20-11ko markagailua lortu zuten.
Markagailuan aurretik izan arren, partidako momentu batzuetan kontrol falta igarri zen kantxan. Bi taldeek zailtasunak zituzten jokaldiak burutzeko; nahi eta ezinean zebiltzan. Partidaren kontrola izan gura zuten bi taldeek, baina, biek ala biek ez zuten jokoan asmatzen.
ARGAZKIA: GERNIKA KESB
28-21ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Aldageletatik bueltan, etxeko taldea erasoan ez zen fin ibili, baina, aurreko partidetan erakutsitako defentsa lan bikaina burutu zuen, beste behin.
Hirugarren laurdenean markagailuko aldea gutxitzea lortu zuen talde errioxarrak. Esaterako, 32-29ko markagailuagaz heldu ziren 26. minutura, eta 40-36 amaitu zuten hirugarren laurdena.
Garaipena bietako edozeinek eskuratu zitekeela ondo zekiten bi taldeek. Gainera, Prometek markgailua berdintzea (40-40) eta aurretik jartzea lortu zuen. 41-42.
Baina, Malosteko zaleen animo oihu artean 50-47ko markagailuagaz heldu ziren partidaren azken minutura.