Gernikarra 483 puntugaz nagusitu zen zapatuan Leioako Kultur Auditoriumean jokatu zuten kanporaketan. Haren atzetik Ander Elortegi natxituarra sailkatu zen, 467 puntugaz.
Ander Elortegi bertsotan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Asteburukoa Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko faseko azken aurreko kanporaketa izan zen. Zapatu honetan Zaldibarko Olazar frontoian jokatuko dute azken kanporaketa. Sei bertsolari hauek lehiatuko dute finalaurrekoetarako txartela: Beñat Romerok, Beñar Vidalek, Eneko Arratek, Igor Menikak, Nerea Ibarzabalek eta Peio Ormazabalek.
Orain arteko kanporaketetako irabazleak zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetara. Hilaren 23an Beñat Ugartetxeak irabazi zuen Igorreko kanporaketa. Sestaoko saioan, berriz, Eneko Abasolo
Abarkas nagusitu zen, eta Mungian jokatu zuten lehen kanporaketan Miren Amurizak lortu zituen puntu gehien.
Hiru finalaurreko
Kanporaketak amaituta, abenduaren 17ko final handiaren aurretik, hiru finalaurreko jokatu dituzte. Lehenengoa Markina-Xemeingo Uni frontoian lehiatuko dute azaroaren 19an. Jone Uria, Oihana Bartra, Eneko Abasolo, Zaldibarko irabazlea, puntuazioz hirugarrena eta puntuazioz seigarrena ariko dira bertsotan.
Bigarren finalaurrekoa azaroaren 27an jokatuko dute, Basauriko Artunduaga kiroldegian. Saio horretan bertsolari hauek parte hartuko dute: Onintza Enbeita muxikarrak, Xabat Galletebeitia lekeitiarrak, Beñat Ugartetxeak, puntuazioz lehenengoak, puntuazioz laugarrenak eta puntuazioz zortzigarrenak.
Abenduaren 3an Larrabetzuko Udal frontoian lehiatuko dute azken finalaurrekoa. Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Ibon Ajuriagojeaskoa, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena eta puntuazioz zortzigarrena egongo dira oholtzan bertsotan.
Leioako kanporaketaren sailkapena
- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia 483
- Ander Elortegi Garatea 467
- Txaber Altube Sarrionandia 461
- Joseba Artza Zubillaga 460
- Mikel Goiriena Larrazabal 454
- Joseba Barandiaran Andueza 447