Txirrindularietako batzuk zirkuitua egiten. Argazkia: Bermeoko Udala
Atzo egin zuten Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza Taldeak antolatzen duten ziklokros eguna. 170 lagunek zuten izena emanda, hala ere, 125 txirrindulari baino ez ziren atzoko probara agertu. Antolatzaileen ustez, “agian, atzo egon zen behe lainoagatik atzera egin zuten askok”.
Urtero modura, adin guztietako herritarrak erakarri asmoz, sei lasterketa egin zituzten. Nagusien parte hartzea bultzatzen saiatzen dira urtero, eta, aurten, inoiz baino nagusi gehiago animatu direla esan du Bermeo Txirrindularitza taldeko kide Pedro Bilbaok; 26 lagun egon baitira. Aurten, gainera, inoiz baino arazo gutxiago izan direla esan du, irteera orduekin: “Ematen du jendea ohitzen hasi dela”.
Parte hartzera hurbiltzen direnak “gustura” geratzen direla eta, antolatzaileak “oso pozik daude”. Guztien ahalegina eskertu gura izan dute.