Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea buru dutela bildu dira udal ordezkariak Santa Luzia auzoan. XVI. mendeko baselizan meza entzun ostean, 13:00ak inguruan hasi da inaugurazio ekitaldia.
Parkeak auzoari zein herriari “kalitatea” ematen diola nabarmendu du Gorroñok. “Gure helburua gure herria lehenengo mailakoa izatea da, gure herrian gustura eta harro egoteko”. Horregatik, udalaren inbertsioak herrigunean zein beste auzoetan burutzen dituztela gogora ekarri du.
Parke ederra geratu dela azpimarratu du Gernika-Lumoko alkateak, eta ume, gazte zein nagusiek gozatzeko lekua dela zehaztu du: ” Auzoan bizi diren 2.438 pertsonek zein gainontzeko gernikarrek disfrutatzeko gunea da”.
Udaleko kideekaz batera, auzotar asko batu dira eguerdiko ekitaldian. Gorroñok eta auzoko Urremendi baserriko Maru Foruriak moztu dute zinta. Ondoren, aurreskua dantzatu, eta herriko jubilatuen elkarteko Gure Arbola Zaharra abesbatzako kideen kantu emanaldiagaz borobildu dute inaugurazio ekitaldia.
Manu Foruria zintagaz eskuan.
Hoff vienarra edo siedlung alemana
15.875 metro koadroko berdegunea elkarlotuta dauden hiru zatik osatzen dute. Horietan jesarlekuak, umeentzako jolas gunea, 14 ur txorrotadun iturriak, Ereñoko harrobikoa harriagaz egindako ehunka urteko iturria edota jateko zein paseatzeko lekuak egokitu dituzte. Horretarako, 680.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Aspaldiko eskola eta ermitaren inguruko landak herritarrentzat “baliagarriak bilakatu” eta inguruko zerbitzuak “hobetu” asmoz burutu ditu lanak Gernika-Lumoko udalak.
Hain zuzen ere, eskola eta ermita ere zaharberritu dituzte eta horretarako 30.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Ermitaren alboan komunak egingo dituzte laster, eta ermitako zein eskolako kanpoaldeak konpondu dituzte: margotu, lehio berriak ipini…
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko alkateak gaur azaldu duenez, eguaztenetik aurrera eskola zaharra zabalik egongo da arratsaldetan. Bertako jubilatu eta pentsiodunen erabilerarako zabalduko dute, 15:00etatik 21:00etara.
Inguruko bereizgarri den hariztia mantendu du udalak, eta horniketarako, ureztatzeko eta argiteri publikoko sareak berritu ditu.
Lanak hasi aurretik inguruak zuen itxura guztiz aldatu dute. Gernika-Lumoko udalak
hoff vienarra edo
siedlung alemana joeren arabera egituratu du berdegunea; etxebizitzen eta parkearen artean osotasuna eta armonia bilatuz.
Parkeak auzotarren aisialdiko “beharrizanei” erantzuten diela adierazi du Gorroñok.
Desadostasunak
Udalak Santa Luziako berdegunearen proiektua aurkeztu zuenean, polemika sortu zen herrian. Zenbait auzotarrek eta Gernika-Lumoko EH Bilduk proiektuagaz ados ez zeudela adierazi zuten, berau egiterakoan herritarren parte hartzerik ez dela egon salatuz.
Besteak beste, gune estalien beharra aldarrikatu, eta eskola zaharraren erabilera auzotarrekin eztabaidatzeko eta adosteko eskatu zuten.
Gaurko inaugurazioaren harira, koalizoak adierazi du Gernika-Lumoko udal gobernuak auzotarrekin jesarri eta denen artean erantzun integral bat emateko “itzelezko” aukera galdu duela: “Berriz ere bulego itxietan hartu dira herriarenak diren erabakiak. Zaharren, gazteen eta umeen beharrizanak kontuan hartzeko aukera izan du udalak eta ez du aprobexatu nahi izan”.
Diotenez, auzorako proiektua elkarrekin lantzeko eskariak ez dira falta izan, ezta proposamen “zehatz eta errealistak” ere. Horren aurrean, borondate falta leporatzen diote udalari: “Auzoari beste bizitza bat emateko aukera aprobetxatu baino, postaletan saltzeko parkea egitea nahiago izan du”.