Eguerditik jai giro ederra sortu dute Gernika-Lumoko eta inguruetako gazteek. 790 pertsona inguru ibili dira paellak prestatzen eta betiko legez, elkarregaz bazkaldu dute.
Bazkalostean, prestaketa gunea garbitu, eta sari banaketa ekitaldia egin dute.
62 paella aurkeztu dituzte aurten, eta denetan onena Elizondo txoko kuadrillarena dela erabaki dute epaimahaikideek. Tsifu izeneko 48 zenbakidun paella sailkatu da bigarren, eta Kañoibiko kuadrillak jaso du hirugarren saria. Muskitza eta Nias paellak sailkatu dira laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Bestalde, Eguzkilore kuadrillaren paella izan da eskasena epaimahaikideen iritziz.
Paella txapelketaren irabazleak.
Garbiketari dagokionez, orokorrean, kuadrilla gehienek arduraz jokatu dutela adierazi dute Astelehentxutxuren antolatzaileek: “Prestaketa gunea oso garbi geratu da, eta ea gero Pasealekura joan aurretik dena garbi uzten dugun”.
Sariak banatuta, Mus, Briska eta Beer-pong txapelketak jokatzen dabiltza. Briska txapelketan 21 bikotek izena eman dute, eta musean, berriz, hamabost bikote ari dira. Beer-pong txapelketak arrakasta izan du; 37 bikote animatu dira uragaz jolastera.
Bestalde, iluntzean Pasealekura joan aurretik Play Back txapelketa lehiatuko dute. Hamazazpi taldek dantzarako duten abilezia erakutsi beharko dute.
Ondoren, Merkatu Plazatik Pasealekurako bidean poteo girotuan batuko dira. Gauean, Laukaturen, Belatzen eta Xaiborren emanaldiak egongo dira Pasealekuan.