Zinemakumeak Gara!-k emakumeek zuzendutako filmak dakartza Gernikara
Zapatu eta domeka bitartean, lau pelikula ikusi ahal izango dira Lizeo Antzokian. Bi film labur eta bi film luze proiektatuko dituzte. 19:00etan hasiko dira saioak, eta sarrera doakoa daEmakumeen zinemagintza izango da asteburu honetan Gernika-Lumoko a...
Zapatu eta domeka bitartean, lau pelikula ikusi ahal izango dira Lizeo Antzokian. Bi film labur eta bi film luze proiektatuko dituzte. 19:00etan hasiko dira saioak, eta sarrera doakoa da
Emakumeen zinemagintza izango da asteburu honetan Gernika-Lumoko agenda kulturalaren protagonistetako bat. Zinemakumeak gara! zine zikloa hartuko du Lizeo antzokiak, zapatu- an eta domekan.Guztira lau pelikula dakartzate Gernika-Lumora: bi film luze eta bi labur. Bi egunetan banatuta, bana proiektatuko dute egun bakoitzean.
Hain zuzen, Manuela Morenok zuzendutako Camas (2010) film laburra eta Gillian Robespierrek gidatutako Obvious Child pelikula proiektatuko dituzte zapatuan, 19:00etatik aurrera.
Domekan, berriz, Manuela Morenoren beste film labur bat emango dute: Pipas (2013). Horregaz batera, Ana Katz zuzendariaren Mi amiga del parque pelikula ere ikusi ahal izango dute zinemazaleek.
Domekako saioa ere 19:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da bi egunetan.
Emakumeen ekarpena
Zinemakumeak Gara! zinema zikloaren 21. aldia da aurtengoa, eta urriaren 17an aurkeztu zuten, Bilboko BBK aretoan. Emakumeek zinemaren industriari eta kulturari egindako ekarpena bistaratzea du helburu egitasmoak. Hala, emakumeek oro har, eta, batez ere emakume gazteek ekoitzitako zinemagintza bultzatzea ere badu helburu. Zinematografia-irudikapeneko forma berriak eraikitzen lagundu nahi du, gizonezkoen diskurtso hegemonikoa hautsi, eta emakumezkoen begirada sartuz.
Gauzak horrela, emakumeek egindako zinemarik onenaren, kategorietatik ihesi aniztasunaren alde egiten duenaren sorta aukeratua ikusleengana hurbiltzeko konpromisoagaz heldu da aurtengo zikloa.