Hausnarketarako gonbitea, isilean
Pello Ulazia Ibarzabal mutrikuarraren 'Isilean' erakusketa ikusgai dago Zabielen, azaroaren 6ra arte. Proiektuak gizartean egiteke dagoen lanaren inguruko hausnarketa proposatzen du.Isilean erakusketak gizon batek azken hamar urteetan etxeko espazioan ...
Pello Ulazia Ibarzabal mutrikuarraren ‘Isilean’ erakusketa ikusgai dago Zabielen, azaroaren 6ra arte. Proiektuak gizartean egiteke dagoen lanaren inguruko hausnarketa proposatzen du.
Isilean erakusketak gizon batek azken hamar urteetan etxeko espazioan izandako esperientzia islatzen du». Horrelaxe deskribatu du Pello Ulazia Ibarzabal artista mutrikuarrak Zabiel kultur etxean ikusgai ipini duen erakusketa. Hilaren 21ean inauguratu zuten erakusketa, eta egun horretan, herritarrek Ulaziaren azalpenak zuzenean entzun ahal izan zituzten.Erakusketa gidatua egiteaz gain, aurretik, Aitatasuna, maskulinitatea eta etxeko espazioaren dimentsio politikoa mahai ingurua egin zen. Horretan, Ulaziak artearen ikuspuntutik jorratu zuen gaia, eta Arrate Uranga Mendizabalek berdintasunaren ikuspuntutik. Izan ere, erakusketak hori bera jorratzen du. «Erakusketak gizartean nagusi izan diren ohitura eta ezarritako ereduen inguruko hausnarketa proposatzea du helburu».
Isileko lanari erreferentzia
Proiektuaren izenburuak etxe barruan egiten den isileko lanari egiten diola erreferentzia dio Ulaziak. «Horrez gain, etxeko zein egungo gizarteko praktiketan egiteke dagoen lanaren aurrean jarduteko modu bat ere islatzea du helburu». Eta hain zuzen ere, herritarrak hausnarketa horretara gonbidatu nahi ditu mutrikuarrak.
Erakusketan ekintza, elementu eta gertakariak daude jasota eskulturetan, argazkietan eta ikus-entzunezkoetan.
Azaroaren 6ra arte, beraz, herritarrek erakusketa ikusteko aukera daukate Zabiel kultur etxean. Ordutegia ondokoa da: astelehenetik barikura bitartean, 18:30etik 20:30era, eta zapatuan eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.