Berritze lanak egin ostean, Altamirako frontoiak eta inguruek aurpegi berria dute
Frontoiko hormak lixatu, arrakalak bete eta margotu egin dute; 'Busturiko Udala' eta armarria jartzea falta dute. Besteak beste, iburutegiko uren arazoak konpondu eta eraikina garbitu duteBusturiko Udalak Altamira auzoko frontoia konpontzeko lanak egin...
Frontoiko hormak lixatu, arrakalak bete eta margotu egin dute; ‘Busturiko Udala’ eta armarria jartzea falta dute. Besteak beste, iburutegiko uren arazoak konpondu eta eraikina garbitu dute
Busturiko Udalak Altamira auzoko frontoia konpontzeko lanak egin ditu. Diru laguntza baten bitartez egin ahal izan dituzte lanok. Busturiko alkate Aitor Aretxagak azaldu duenez, «asmoa herriko frontoi guztiak konpontzea bazen ere, ez ziguten guztiak konpontzeko diru laguntzarik onartu». Altamirako frontoiaren egoera txarrena zenez, hori konpontzeko lanak egin dituzte. Era berean, frontoi inguruak garbitu, konpondu eta atondu dituztela esan du.Frontoiaren hormak lixatu, arrakalak bete eta prestatu, eta margotu egin dute. Lanak amaitu badituzte ere, Busturiko Udala eta armarria jartzea ahaztu zaiela dio alkateak, eta aurrerago egingo dutela adierazi du.
Lanak aprobetxatu dituzte, bestalde, frontoi ondoan dagoen liburutegira sartzen ziren uren arazoak konpontzeko, «euri asko egiten zuenean ura sartzen baitzen». Teilatu hodia urteekin hondatu egin dela dio alkateak, eta hodi horretara jausten ziren pilotekin «trabatu» egiten zela gaineratu du. Era berean, hezetasunaren eraginez, belztuta zeuden liburutegiko hormak ere garbitu dituzte.
Dirurik ez dagoenez, konponketak «gutxika-gutxika» egin behar dituztela dio alkateak. Beraz, hurrengo fase baterako utzi behar izan dute, liburutegiko leiho eta ateen markoak aldatzeko lanak.
Lanak faltan
Bestalde, liburutegia eta eliza bitartean dagoen bidean apurtuta zeuden lauzak konpondu eta falta zirenak ere jarri dituzte. Bide horretan zegoen argi gabeziari ere irtenbidea eman diote argia jarrita. «Jende asko ibiltzen da egunero gune horretatik, eta kexa ugari eduki ditugu», esan du Aretxagak.
Lirdinga desagerrarazteko tratamendua ere egin berri dute, Altamirako eta Axpeko plazetan.
Abendura bitartean, bestalde, beste hainbat lan egin gura dituztela esan du alkateak. Esaterako, Altamirako tenis pisten ondoan dagoen jolas parkea estali egingo dutela esan du. Era berean, tenis pistetako itoginak konpontzeko asmoa ere badute, «betidanik egon baitira arazoak». Azkenik, San Bartolome auzoko jolas parkea berritzeko asmoa ere badutela esan du, «oso zaharkituta baitaude». Alkateak dioenez, «aprobetxatu ahal direnak berritu egingo dira, eta txarto daudenak kendu eta berriak jarriko dira».