Jai Alai World Tourreko irabazleen norgehiagokaz gozatzeko aukera dakar Urriko Azken Jai Alaik
Puntistarik onenek erakustaldia eskainiko dute beste urte batez Urriko Azken Astelehenean. Jai giroan elkartuko dira zaleak, eta eguneko protagonistak ere gozatzera aterako dira.
Bi partida jokatuko dituzte Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, astelehenean. 18:00etan hasiko da lehen norgehiagoka.
Gonzalo-Inza eta Olaharan-Minville bikoteek lehiatuko dute lehenengo partida. Horien ostean, berriz, Jai Alai World Tourreko aurtengo protagonista nagusienetakoen txanda izango da. Hormaetxeak eta Lopezek Egigurenen eta Enbilen kontra jokatuko dute.
Astelehenean herrian egongo den jai giroa frontoi barruan ere igarriko da. Aurrekoetan moduan, Jai Alai & Music saioagaz, zesta eta musika elektronikoa uztartuko dituzte. Partiden aurretik eta ostean, El Txef_A-k jarritako erritmoekin girotuko dute frontoia.
Sarrerak
Sarrerak 10 euro balio ditu, eta Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan (astelehenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 eta domekan: 10:00-14:00 ) eta Jai Alai frontoian (16:30-19:30) eskuratu daitezke.
Halaber, egunean bertan txarteldegiak goizetik zabalik egongo direla jakitera eman dute.