Urriko Azken Asteleheneko egitaraua eta postuen kokapena aurkezteko, prentsaurrekoa egin dute gaur, Iratxe Uriarte Kutxabank-eko ordezkariak eta Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko Udaleko Azoka eta Merkatu zinegotziak.
Iker Ikazuriaga, Iñaki Gorroño eta Iratxe Uriarte, Urriko Azken Astelehena aurkezten
Ekintzak
09:00etan hasiko dira nekazal produktuen lehiaketa eta nekazal makinariaren erakusketarekin. 12:00etan, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Jone Uria bertsolariek hartuko dute tokia.
13:00etan, sari banaketa izango da Merkurio Iturrian, jarraian, gaztaien enkantea egongo da.
18:00etan
pilota eta
zesta partiduak egongo dira, Santanape frontoian eta Jai Alai frontoietan, hurrenez urren.
Txosnei dagokienez, aurten honako talde hauei egokitu zaizkie: Arkupe Pilota Taldea, Gernika Club, Esan Gazteentzako Kultura Taldea, Gernika KESAB, Rugby Taldea, Arin Arin Atletismo Kluba, Gernika Off Road eta Lauhortz.
Aurten 332 postu egongo dira herriko kaleetan banatuta; iaz baino hemeretzi gehiago. Artekale kalean 64 postu egongo dira, gazta, ortuariak, txakolina, sagardoa eta olioen artean banatuta. San Juan kalean beste 48 egongo dira, gazta kontserbak, esnekiak, eta fruta saltze. Domingo Alegria kalean frutak izango dira nagusi, baina hauekin batera eztia eta lorak ere egongo dira.