Foruko udaletxea berritzeko lanak egingo dituzte
Eraikinak iragazketa eta hezetasun arazoak dituela esan du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak, eta, hortaz, horiek ekiditeko lanak egingo dituzte.
Alkateak azaldu duenez, laster hasiko dituzte lanak. Hain zuzen ere, estalkian eta ur kanalizazioetan egingo dituzte berritze lanak. Besteak beste, estalki osoa desmuntatuko dutela esan du Urkietak, eta isolatzailea eta teila mistoa jarriko dute. Bestalde, teilatu hodiak eta isur-hodiak aldatuko dituzte, eta, amaitzeko eraikina margotuko dute.
Herriko eraikuntza enpresa batek egingo ditu lanak, eta 38.409,33 euroan lizitatu dituztela esan du alkateak. Horiek egiteko, baina, udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren 28.419,82 euroko dirulaguntza jaso du.
Foruko alkateak azaldutakoaren arabera, «foruar guztion etxea izanda, lan honegaz udal eraikina erosoagoa egin gura da, eta udaletxearen irudia hobetuko dela uste dugu. Instalazioak babesteko eta etorkizunean arazorik ez izateko, hezetasun arazoei aurre egin behar diegu».