Emakumeek zuzendutako filmak Gernika-Lumon
Emakumeen zinemagintza izango da asteburu honetan Gernika-Lumoko agenda kulturalaren protagonistetako bat. Zinemakumeak gara! zine zikloa hartuko du Lizeo antzokiak, zapatuan eta domekan.
Guztiral lau pelikula dakartzate Gernika-Lumora: bi film luze eta bi laburmetrai. Bi egunetan banatuta, bana proiektatuko dute egun bakoitzean.
Hain zuzen, Manuela Morenok zuzendutako Camas (2010) laburmetraia eta Gillian Robespierrek gidatutako Obvious Child pelikula proiektatuko dituzte zapatuan, 19:00etatik aurrera.
Domekan, berriz, Manuela Morenoren beste laburmetrai bat emango dute: Pipas (2013). Horrekin batera, Ana Katz zuzendariaren Mi amiga del parque pelicula ere ikusi ahal izango dute zinemazaleek.
Domekako saioa ere 19:00etan hasiko da, eta sarrera doanekoa izango da bi egunetan.
Emakumeen ekarpena. Zinemakumeak Gara zine zikloaren XXI. edizioa da aurtengoa, eta urriaren 17an aurkeztu zuten, Bilboko BBK aretoan. Emakumeek zine industrairi eta kulturari egindako ekarpena bistaratzea du helburu Zinemakumeak Gara! egitasmoak. Hala, emakumeek oro har, eta, batez ere emakume gazteek ekoitzitako zinemagintza bultzatzea ere badu xede. Zinematografia-irudikapeneko forma berriak eraikitzen lagundu nahi du, gizonezkoen diskurtso hegemonikoa hautsi eta emakumezkoen begirada sartuz.
Gauzak horrela, emakumeek egindako zinemarik onenaren, kategorietatik ihesi aniztasunaren alde egiten duenaren sorta aukeratua ikusleengana hurbiltzeko konpromisoarekin heldu da aurtengo edizioa.