Bermeoko 185 ikaslek parte hartuko dute 'Gu ere bertsotan' programan
Ikasturtean eskolen arteko topaketak edota bertso kantaldiak antolatuko dituzte. 2017ko maiatzean, berriz, iaz egin modura, ikasturte amaierako topaketa egingo dute denak batutaBermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako programa da Gu ere bertsotan, ...
Ikasturtean eskolen arteko topaketak edota bertso kantaldiak antolatuko dituzte. 2017ko maiatzean, berriz, iaz egin modura, ikasturte amaierako topaketa egingo dute denak batuta
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako programa da Gu ere bertsotan, eta gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatzea du helburu. Bermeoko ikastetxeek aipatu programa lantzen duten laugarren ikasturtea izango da.Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, 2016-2017 ikasturtean, LHko 6. mailako 176 ikaslek landuko dute bertsolaritza ikasgeletan. Jakinarazi dutenez, aurten, Mundu bat bertso izeneko liburua landuko dute. DBHn, Ignacio Arozena institutuan, bat-bateko talde bat egongo da martxan. Horretan, 12 eta 13 urteko bederatzi gazte ariko dira.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziak azaldu duenez, «egitasmo honen bitartez, bertsolaritzari buruzko oinarrizko ezagutza bermatzen da. Ikasgelan egiten den beharrari ikasgelatik kanpo jarraipena ematen zaio, gaztetxoen bat-bateko kanturako taldeak sortuz eta bertso eskolara hurbildu daitezen zubi lana eginez».
Jolasean ikasi
Ahozkotasunetik abiatuta, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek Gu ere Bertsotan egitasmoaren bitartez. Modu horretan, astero edo hamabostero, ordu batez, bertso-jolas eta ikus-entzunezko baliabideak lagunduta, ikasturtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatuko dituzte, eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu behar duten landuko dute klaseetan.
Ikasturtean zehar, gainera, hainbat ekintza egingo dituztela jakinarazi dute; eskolen arteko topaketak edota bertso kantaldiak, esaterako. Ikasturte amaieran, 2017ko maiatzean, bigarren urtez jarraian, ikastetxe eta bat-bateko taldeen arteko bertso topaketa egingo dutela azaldu dute.
2013-2014 ikasturtean eman zioten hasiera egitasmoari Bermeoko Udalaren, ikastetxeen eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanagaz. «Epe luzerako erronka bati» hasiera eman ziotela dio Agirrek: «Etorkizunean Bermeon bertsozaleak, bertsolariak, epaileak eta gai jartzaileak egotea zen helburua». Lehen pausoa Hezkuntza Arautuan oinarriak jartzea izan dela gogorarazten du, baina hasieratik herrira begira egon dela dio. Gauzak horrela, etorkizun hurbilean herri mailako bertso eskola bat izatea litzateke helburua.