Ibarrolaza: «Udal zaharren egoitzan grebak ez du eraginik izango»
ELA sindikatuak deituta, Bizkaiko zahar etxeetako langileek hiru asteko greba hasi zuten atzo. Lan baldintza duinak eta hitzarmena sinatzea eskatzen duteBizkaiko zaharren egoitzatan iragarritako grebak Bermeoko Santi Spiritus udalaren zaharren egoitzan...
ELA sindikatuak deituta, Bizkaiko zahar etxeetako langileek hiru asteko greba hasi zuten atzo. Lan baldintza duinak eta hitzarmena sinatzea eskatzen dute
Bizkaiko zaharren egoitzatan iragarritako grebak Bermeoko Santi Spiritus udalaren zaharren egoitzan ez duela «inolako» eraginik izango adierazi du Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren presidente Benito Ibarrolazak. Hala jakinarazi gura die herritarrei, eta, bereziki, udal zaharren egoitzan senideak dituzten pertsona guztiei.Ibarrolazak azaldu duenaren arabera, «grebak eragina izango du zaharren egoitza pribatuetan, edo, publikoak izan arren, bere zerbitzuak zeharkako kudeaketaren bitartez enpresa pribatuen bitartez eskaintzen dituztenetan».
Bermeokoa, baina, egoitza publikoa dela gogorarazi du, «udalarena», eta aipatu egoitzan eskaintzen diren zerbitzu gehienak kudeaketa zuzenaren bitartez ematen dira. Hala, jakinarazi duenez, «udal zaharren egoitzako langileek gainontzeko udal langileen lan baldintzak dituzte, eta lan hitzarmen bera daukate».
Bi salbuespen daudela azaldu du Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuaren presidenteak: harrerako zerbitzua eta denbora libreko zerbitzua, hain zuzen. Bi horiek, baina, Irabazi Asmorik Gabeko erakundeekin egiten direla aipatu du.
Eskaerei «entzungor»
ELA sindikatuak deitutako greba da. Haien arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresek «entzungor» egin diete langilen eskaerei. Hori dela eta, hiru asteko greba iragarri dute, eta atzo hasi ziren lanuzteekin.
Irailean ere bi asteko greba egin zuten zahar etxeetako langileek, lan baldintza duinak eta hitzarmena sinatu dezaten eskatzeko.