Ideien Kontserberak Ormazan zer egin aztertuko du asanblean
Asanblea deitu dute zapaturako. Hain zuzen, Ideien Kontserbera proiektuak eman beharreko hurrengo pausoa zein izango den eztabaidatzeko batuko dira. Zarragoitxi auzoko sarreran udalak dituen lokaletan egingo dute asanblea, eta 12:00etan hasiko da.
Proiektuaren definizio fasea egin zuten uda aurretik, eta udal ordezkariekin harremanetan izan dira ostean. Orain, Ideien Kontserbera martxan jartzeko ordua dela uste du Bermeoko gazte taldeak. Hain zuzen, behar horren berri eman zieten udal ordezkariei, haiekin egindako bileretan. Horretarako, Ormaza fabrika berreskuratzea proposatu zieten gazteek. Prentsa oharrean azaldu dutenez, udal arkitektoaren txostena kontuan hartuta, Ormaza fabrikak beharrezkoak dituen erreformak aztertzea adostu zuten udal ordezkariek eta Ideien Kontseberakoek; eta, fabrika birgaitu artean, Zarragoitxiko lokalak erabiltzeko proposamena egin zieten udal ordezkariek.
Beraz, zapatuko asanblean, lokala ikusi, aztertu eta modu probisionalean erabiltzeko egokia den ere aztertuko dute. Horrez gain, Ormaza fabrika berreskuratzeko jarraitu beharreko estrategia ere erabakiko dute. Diotenez, gaur egun eraikinak konpondu beharreko zenbait kalte ditu egituran, eta hezetasuna ere badu. Hala, eraikina berreskuratzeko beren esku dagoen guztia egiteko prest agertu dira Ideien Kontserbera proiektuaren bultzatzaileak.