Gaztelugatxeko San Joanen egingo dituzte
Game of Thrones telesailerako
grabazioak; hortaz, hara doan
bidea itxita egongo dela jakinarazi du Bermeoko Udalak,
urriaren 23ra bitartean. Bermeoko alkate Idurre Bideguren, Bego Gangoti Turismo arduraduna eta udaleko teknikariak grabazioak egingo dituzten lekuan izan dira, ingurua ikuskatzeko. Bidegurenek esan duenez, apirilean hasi zituzten ekoizpen etxearekin hartu-emanak, eta eskaera denei erantzuna eman diela azaldu du.
“Garrantzitsua da telesail ezagun bat Bermeon grabatzea, turismoarengan izango duen eraginagatik”, esan du Bidegurenek. Beraz, Bermeo
mundu mailan ezagutzera emango duela uste du alkateak, telesaila horretarako erakusleiho “ezin hobea” izango delako. “Benetan harro eta pozik gaude, eta gure herriarentzat oso positiboa izango dela uste dugu, jende asko erakarriko duelako bai Bermeora zein Euskal Herrira”, Bidegurenen esanetan. Beraz, erakundeek “erronka garrantzitsua” dutela esan du alkateak, “bisitan etorriko diren guztiei erantzunin onena emateko prest egin behar dugu”.
Telesailak Bermeo mundu mailan ezagutzera emango duela uste du alkateak.
Diskrezioa. Datozen egunetan, beraz,
Game of Thrones telesailaren ekoizpen etxeak hartuko du Gaztelugatxeko San Joan.
Legezko baldintzak bete ondoren, inguru horretan jabego publikokoak diren
30.500 metro koadro okupatzeko baimen berezia eman dio Bermeoko Udalak.
Hain zuzen, baimen horrek honakoak jasotzen ditu: grabazioaren kokapena, sarbideak eta ingurua. Konfidentzialtasuna bermatzea dute helburu, telesailaren zazpigarren denboraldiko edukia ezagutzera ez emateko. Bidegurenek zehaztu duenez, “une oro ekoizpen etxeak eskatutako konfidentzialtasuna eta diskrezioa mantentzen saiatu gara, hain ezaguna den telesail hori gure herrian grabatzeko ezinbesteko baldintza dela esan digutelako”.
Jabego publikokoak diren 30.500 metro koadro okupatzeko baimen berezia eman dio udalak ekoizpen etxeari.
Gainera, produkzio taldeak Bermeoko Herri Babeseko kideen
laguntza izan du. Bermeoko udal zerbitzuetako langileen, Udaltzaingoaren, turismo sailaren eta Bermeoko bi enpresaren laguntza ere izan dute, besteak beste. Bermeoko udal arduradunek jakinarazi dutenez, horiek guztiek lan handia egin dute grabazioa posible izateko.
Era berean,
Game of Thrones telesailaren grabaziorako behar izan dituzten laanpostuen kudeaketan bitartekari lanak egin ditu Bermeoko Behargintzak; beti ere, bermeotarrei lehentasuna emanez. Peoien lanpostuak betetzeko, aldiz, Lanbideko zerrendetara jo du Behargintzak, langabetuei lehentasuna eman asmoz. Horien curriculumak jaso eta ekoizpen etxeari bidali dizkio.
Bermistorian ezagutzeko gonbidapena. Game of Thrones telesailaren grabazioarekin bat egingo du Bermeoko
Bermistorian jaialdiak. Horregatik, azaroaren 22an eta 23an bermeora hurbiltzeko eta Bermistorian ezagutzeko
gonbidapen berezia egin dio Bermeoko alkateak
Game of Thrones osatzen duen talde osoari.