Udalak eta Debegesak ekintzaileentzako ikastaroak antolatu dituzte
Mutrikuko Udal Garapen Sailak eta Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak antolatuta, ekintzaileentzako tailerrak egingo dira datozen asteotan, Mutrikun.Antolatzaileek adierazi dutenez, ekintzaileek enpresa propioa sortu edo ideiaren bat...
Antolatzaileek adierazi dutenez, ekintzaileek enpresa propioa sortu edo ideiaren bat garatzeko «aukera aproposa» izango dute bertan burutuko diren bi tailerretan. «Ideiak garatu, eta aukera berriak atzeman ahal izateko ekintzaile tailerrak ipini ditugu eskura». Gaineratu dutenez, ekintzaileen bidea «erraztu» nahi dute.
Tailerrek bi asteko iraupena edukiko dute, eta parte hartuko duten ekintzaileak astean hirutan bilduko dira, 09:30etik 13:30etara, Konde kaleko ekintzaile berrientzako bulegoan. Tailerren ardura, berriz, Cristina Zumeta Debegesaren ekintzailetza sailaren arduradunak izango du.
Doako tailerrak
Egingo diren tailerretan lehena Mutriku ekinean izango da. «Ekintzaileek dituzten ideiak errealitatera hurbiltzeko aukera izango dute, eta horiek gauzatzeko zer pauso eman behar diren ikasiko dute». Bertan hainbat alderdi landuko dira; sormena edo elkarlana, esaterako. Tailerrari dagokionez, honako egunetan izango da: urriak 24, 26 eta 28 eta azaroak 2, 4 eta 7.
Zure proiektua abian jarri tailerrean, aldiz, ideia zehatz edo nahikoa argia dutenei lagunduko diete. «Askotan ideia onak edukitzen dira, baina ez dute jakiten zer pauso eman behar diren negozio bat martxan jartzeko. Bertan kontuan eduki behar dituzten gaiak erakutsiko diete, besteak beste». Honakoak izango dira tailerra burutuko diren egunak: azaroak 14, 16, 18, 21, 23 eta 25.
Tailerrak doakoak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek Mutrikuko turismo bulegora bertaratuta, 943-60 33 78 telefonora deituta edo turismo@mutriku.net posta elektronikora idatzita eman ahal izango dute izena.