Atxondoa, jaiak zipriztinduta
Zapatutik domekara arte, Markina-Xemeingo Atxondoa auzoak Teresa Donearen jaiak ospatu ditu. Margo lehiaketa, dantza saioak, umeentzako jolasak eta buruhandiak izan dira asteburuko protagonista nagusiak.Teresa Donearen jaiak ospatu dituzte asteburuan, ...
Zapatutik domekara arte, Markina-Xemeingo Atxondoa auzoak Teresa Donearen jaiak ospatu ditu. Margo lehiaketa, dantza saioak, umeentzako jolasak eta buruhandiak izan dira asteburuko protagonista nagusiak.
Teresa Donearen jaiak ospatu dituzte asteburuan, Markina-Xemeingo Atxondoa auzoan. Eguraldia lagun, auzoa kolorez eta ekintzaz jantzi da.Urtero legez, Bikale tabernak antolatzen duen margo lehiaketagaz hasi ziren zapatuan ospakizunak. Sariketan 3 urtetik 11 urtera bitarteko 38 artista gaztek parte hartu zuten, lau kategoriatan banatuta. 10:00etatik 13:00etara, parte hartzaileek kontrol marka ipintzera joan behar izan zuten Bikalera, eta ordainetan, goxoki poltsa bana jaso zuten. 15:00etan margolanen bilketa egin ostean, artista gazteen lanak tabernan ipini zituzten ikusgai.
Lehiaketaren arduradunek adierazi dutenez, 3 urtetik 6 urtera artekoak izan ziren parte hartzaile gehienak. Gaztetxoez gain, guraso batek ere aurkeztu zuen bere lana. «12 urtetik 75 urte bitartekoek margotzeko aukera dute, baina saririk jaso gabe. Nahi duen guztiari parte hartzeko gonbitea egiten diogu, eta aurten guraso bat ere animatu da; Arretxinagako San Migel ermita margoztu du».
Dantzan egiteko aukera
Ohi legez, Angel Eizagirre Angel Egia organo joleak girotu zuen arratsaldea, eta bien bitartean egin ziren ekimenek, hain zuzen, beti-betiko auzoko jaietako kutsua mantendu zuten.
Beti-betiko jolasetan ez eze, dardo txapelketan parte hartzeko aukera ere izan zuten auzotarrek, eta ostean, dantzan egiteko aukera ere egon zen.
Egunagaz amaitzeko, margo lehiaketako sari banaketa egin zuten.
Jaiak domekan amaitu ziren, buruhandiekin eta jolasekin.