Agirregaz batera, 25 lagun ariko dira irakurleen txoko berrituan
Urriko lehenengo saioa bihar egingo badute ere, datorren hilabetetik aurrera barikuetan batuko direla azaldu dute, ordu berean, 18:30etik 20:00etaraBermeoko irakurleen txokoak aldi berri bati ekingo dio bihar. Orain arte Isa Castillok egin izan dituen ...
Urriko lehenengo saioa bihar egingo badute ere, datorren hilabetetik aurrera barikuetan batuko direla azaldu dute, ordu berean, 18:30etik 20:00etara
Bermeoko irakurleen txokoak aldi berri bati ekingo dio bihar. Orain arte Isa Castillok egin izan dituen dinamizatzaile lanak Alaine Agirre idazle bermeotarrak egingo ditu. Taldea, gainera, «jendetsuagoa» izango da. Maite Alvarez euskara teknikariak jakinarazi duenez, iazko ikasturtea 17 lagunekin amaitu zuten, eta, aurten, 25 lagunek eman dute izena.Agirre «oso pozik» agertu zen atzo egindako aurkezpenean: «Bermeotarra izanda, ohore bat da bertoko irakurleen txokoaren dinamizatzailea izatea».
Irakurtzea «beste mundu baterako pasabidea edo zubia» izan daitekeela dio; beretzat, idazteagaz batera, hori izan dela aipatuta. Horregatik, balizko irakurle eta liburuzale guztiak animatu ditu parte hartzera.
Guztien parte hartzea
Ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egiten dute irakurleen txokoan. Parte hartzaile guztien artean komentatu ahal izateko liburu «atseginak» aukeratzen saiatuko dela esan du Agirrek: «Atseginak, interesgarriak eta irakurterrazak izango dira liburuak. Parte hartzaileak aktibo izateko, gainera, denon artean liburu batzuk aukeratzea izango litzateke nire asmoa».
Irakurleen txokoan batuta, irakurri dutena, sentitu dutena eta bizi izan dutena azaltzeko aukera edukiko dute. Parte hartzaileek Agirreren laguntza izango dute horiek guztiak azaleratzeko orduan. «Inor behartu barik, denek berba egitea gurako nuke», esan du dinamizatzaile berriak.
Landuko duten lehenengo liburua Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen izango da. Azaroan, berriz, Annie Ernauxen Pasio hutsa liburuaz jardungo dute.
Egun aldaketa
Ikasturteko lehenengo irakurleen txokoa bihar egingo badute ere, aurrerantzean egun aldaketa egingo dute, eta barikuetan batuko dira, ordua mantenduta: 18:30etik 20:00etara.
Hileroko dinamikagaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten jarraituko dutela esan du euskara teknikariak: «Idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute, euren lana hobeto baloratzeko eta ezagutzeko aukera ematen dutelako. Irakurleen eta idazleen arteko solasaldiak, gainera, oso interesgarriak izaten dira, eta aurten ere gauza bera egiten jarraituko dugu».