Atzo iluntzean Quesos El Pastor (Zamarat) taldeari 68-47 irabazi zion talde gernikarrak. Hasierako minutuetatik nagusi izan zen etxeko taldea. Batik bat defentsa lan sendoari, eta talde lan bikainari esker lortu zuen garaipena. Carterrek sekulako partida jokatu zuen, eta beste jokalariek ere jokaldietan asmatu zuten.
Asurmendiren hirukoagaz eta Carterren saskiratzeagaz hasi zen Malosteko lehia. Bizi kantxaratu ziren etxeko jokalariak, eta horren adierazgarri da bosgarren minuturako zuten 11-4ko markagailua. Carter geldiezin zebilen, eta talde gernikarrak ez zuen arazorik ez zailtasunik izan bere jokoa egiteko.

Izaskun Garcia atzoko partidan.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Lehen laurdeneko azken minutuetan, Diez eta Garcia kantxaratu zituen Mario Lopez entrenatzaileak, defentsa indartuz. 11 puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (21-10).
Halaber, Lointek Gernika Bizkaian ez dagoela erreferente bakarra erakutsi zuen Pinak, bigarren laurdenean. Zamarat indartu zenean, erasorako ardura beregain hartu zuen. Izan ere, Zamorako taldeak (Gaztela eta Leon, Espainia) partida zaildu zuenean, etxeko jokalariek sufritu zuten.
Erasoko jokaldi gutxiago sortu arren, defentsa lanetan sendo zebilen Gernika-Lumoko taldea. Horren adierazle dira lehen zatiko datu hauek: zazpi baloi lapurtu, eta aurkariek beste hamahiru galtzea eragin zuten.
38-24ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Lointek Gernika Bizkaiaren 38 puntuetatik 16 puntu Carterren saskiratzeekin lortu zituzten.
Hirugarren laurdenean indartsuago kantxaratu zen Zamarat. Ez zuen partida galdutzat eman, eta defentsa lana sendotu eta bizkorrago jokatu zuen. Baina, hori ez zen nahikoa izan eta hamar puntuko aldeari eusten zion etxeko taldeak (42-32). Aldea murrizten ahalegindu arren, Gernika Bizkaiako jokalariek ez zioten utzi. Ondorioz, 51-33ko markagailuagaz amaitu zuten hirugarren laurdena.
Sailkapenean hirugarren
Hirugarren garaipena jarraian eskuratu du Malosteko taldeak, eta ondorioz, Emakumezkoen Ligako sailkapenean hirugarren postuan dago.
Lointek Gernika Bizkaiak zazpi puntu bildu ditu orain arte; Bembibre sailkapeneko laugarrenak ere puntu kopuru bera dauka. Puntu bat gehiagogaz daude sailkapeneko lehenengo bi taldeak. Perfumerias Avenida da sailkapen buru, eta Spar Citylift Girona da bigarrena.

Naiara Diez kapitaina.
Argazkia: Txebi Arriaga.