Gernika R.T Marzola R.C La Rioja taldearen kontra lehiatu zen zapatuan, Urbietan. Batik bat partida hasierako 20 minutuetan eta bigarren zatian oso ondo aritu ziren etxekoak. Baina, neurketaren azken bost minutuak zoritxarrekoak izan ziren.
Hala ere, oso jarrera ona erakutsi zuten. Haiek erakutsitako kemena, eta entrenatzeko eta ikasteko duten gogoa fruituak ematen hasi da, eta espero dute, horrela jarraituz gero, hori emaitzetan islatzea.
Lehenengo jardunaldian legez, motibazio itzelagaz zelairatu zen etxeko taldea. Gainera, Letiren entsegu bati esker, markagailuan aurretik jarrita hasi zuten lehia.

Argazkia: Urdairack.
Jokoan nagusi ziren basurdeak, baina, sortutako aukerak gauzatzea falta izan zitzaien. Minutuek aurrera egin ahala, errioxarrek etxekoen presioa gainditzea lortu zuten, eta horrela heldu zen haien entsegua. Jokaldi hori kolpe
psikologiko handia izan zen basurdeentzat, eta haien jokoan eragin zuzena izan zuen. Izan ere, aukerak eduki arren, ez zuten horiek definitzen jakin.
Egoera hori aprobetxatuta, atsedenaldira heldu aurretik, bisitariek haien bigarren entsegua eskuratu zuten. Ondorioz, 5-10eko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Baina, basurdeak ez zeuden amore emateko prest, eta atsedenalditik bueltan errioxarrak presionatzen hasi ziren berriro. Horri esker, jokaldi itzela eginez,
Gindik hegaletik ihes egin, eta entsegua sartu zuen (transformatu ere egin zuen). Etxeko jokalarientzat zein zaleentzat une pozgarria izan zen, 12-10 jarri baitziren aurretik basurdeak.
Hurrengo minutuetan ere, basurdeek estu hartu zituzten aurkariak, baina, puntuak pilatzea falta izan zitzaien. Norgehiagoka amaitzeko bost minutu falta zirela, gernikarren presioa gainditu, eta jokaldi bat beste bategaz lotuta, entsegua lortu zuten errioxarrek. Etxekoek defentsa lan ona egin arren, ez zen nahikoa izan errioxarren garaipena saihesteko.