Zinegotziek urtean kobratzen dituzten 62.146 euroko soldatak murriztea eskatu du koalizioak, «zinegotzi berri bat sartzeak gastu gehigarri bat ez eragiteko»
Ez ohiko osoko bilkura egiteko eskaera egin du Gernika-Lumoko EH Bilduk, Irati Bidaurreta zinegotzi liberatua izendatua izan dadin.
Azken osoko bilkuran, oposizioaren lana erraztuko duen zinegotzi liberatuaren proposamena aurkeztu bazen ere,
mozioa ez zen aurrera atera batzar-kide guztiak abstenitu zirelako. Horren arrazoi nagusia proposamenean zinegotzien eta alkatearen soldaten murrizketa kontuan ez hartzea izan zen.
Udal gobernua osatzen duten
lau pertsonen soldatak mantenduz, diru kopuru bera sartuko litzatekeen bosgarren zinegotziagaz banatzea zen EH Bilduk proposatzen zuena, «aurrekontu- etan gainkosturik ez suposatzeko». Izan ere, Irati Bidaurretak hartuko zuen zinegotzi liberatuaren kargurako 62.146 euroko soldata bideratuko zela adierazi zuten azken osoko bilkuran.
EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten, lau zinegotzik jasotzen duten soldata bosten artean banatuko balitz, «soldatek duinak izaten jarraituko luketeela».
Haien arabera, alkate jaunaren urteko soldata 67.000 eurotik 52.419 eurora pasatuko litzateke; eta jardunaldi osoko zinegotziena 62.146 eurotik 48.581 euroko soldata izatera pasatuko litzateke; hamalau alditan ordainduta.
Soldatak banatzeko proposamena ez zela kontuan hartu ikusirik, EH Bilduren ordezkariek bozketan abstenitzea erabaki zuten, baina proposamena berriz ere aurkeztuko zutela adierazi zuten.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko
Legearen 33. artikuluak oposizioan dauden taldeen lana errazteko zinegotzi liberatu baten figura sustatzen du. Horrenbestez, eta legeak bermatzen duen proposamena izanik, udal gobernuak abstentzioa bozkatu zuen.
Hala ere, Jose Mari Gorroño alkateak bere haserrea adierazi zuen: «
Prentsaurrekoetan deskalifikazioak eta udal honek herriari lepoa emanda gobernatzen duela esan da, baina zuek [EH Bilduk] nahi duzuena da dirua kobratu». Itzulinguruka eta gezurrekin ibili beharrean «garbi jokatzea» eskatu zien Gorroñok koalizio abertzaleko kideei.
Gernika-Lumoko EH Bilduk irailaren 30ean egin zuen ez ohiko bilkura deitzeko eskaria. Deialdirik ez baldin bada egin ere, udalak hamabost laneguneko epea dauka batzarrerako deia egiteko.