Undabaso eremua berreskuratzen jarraituko dute
Muxikako Undabaso basoa berreskuratzeko boluntariotza eguna egingo dute, zapatuan. Ibarruri auzoan elkartuko dira, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren biodibertsitatea dibertsifikatzeko. Boluntarioen bitartez kanpokoa den Monterrey pinudiak baso autoktono...
Lurgaia Fundazioak zortzi urte daramatza Urdaibaiko hainbat lekutan boluntarioen bitartez zuhaitz eta zuhaixken landaketak egiten, bertako fauna berreskuratzeko asmoz. Gainera, fundazioak eta konpainia elektriko batek daukaten hitzarmen baten bitartez, 2008tik adimen urriko pertsonen Gorabide elkartearen laguntza ere eduki dute berreskuratze prozesurako.
Aurreko urteetan Bermeoko zonaldean ibili izan dira lanean, baina aurten, Muxika aukeratu dute proiektua aurrera eramateko. Otsailean, esaterako, 40 pertsona inguru batu ziren 326 zuhaitz landatzeko.
Baso autoktonoa berreskuratzeko, alde batetik, gune batzuk modu naturalean garatzen uzten dituzte, eta beste batzuk landaketen eta zaintze prozesuen bidez egindako lanen bitartez birlandatzen dituzte.
Helburu horiek betetzeko, honako lanak egingo dituzte zapatuan: anfibioentzako urmaelak, espezie inbaditzaileen kontrola egingo dute, behar ez dituzten zuhaitzetatik hodi babesleak kenduko dituzte eta lan guneetatik ibilaldia egingo dute burututako lana azaltzeko.
Hitzordua 09:30ean izango da, Ibarruriko elizan, eta antolatzaileek azaldutakoaren arabera, goizean hasi eta arratsaldera arte izango da.
Lanerako tresnak eta jatekoa Lurgaik jarriko ditu, eta parte hartu nahi dutenei izena emateko eskaria egin diete fundazioko kideek, honako telefonoetara deituz: 94-657 61 10 edo 606 14 18 37; info@lurgaia.com helbidera idatziz ere egin daiteke.