Kontxu Odriozola aktorea omenduko du 39. Euskal Zine Bilerak
Atzo aurkeztu zuten egitaraua Bilbon. Emakumezkoak eta zinemagintza gai hartuta, ekimen ugari batuko ditu Lekeition ospatzen den euskara hutsezko jaialdiakEmakumezkoak eta zinemagintza gai hartuta, Kontxu Odriozola omendu eta emakumezkoek ikus-entzunez...
Atzo aurkeztu zuten egitaraua Bilbon. Emakumezkoak eta zinemagintza gai hartuta, ekimen ugari batuko ditu Lekeition ospatzen den euskara hutsezko jaialdiak
Emakumezkoak eta zinemagintza gai hartuta, Kontxu Odriozola omendu eta emakumezkoek ikus-entzunezkoetan daukaten lekua landuko du 39. Euskal Zine Bilerak.Atzo goizean aurkeztu zuten Lekeition ospatzen den euskara hutsezko zinema jaialdia Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Onintze Ituiño BBKren proiektu kulturalen arduradunak, Aritza Escandon Topaguneko kideak, Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bilerako kideak, Izaskun Arandia (H)emen Her(e) plataformako presidenteak, Imanol Otaegi Donostia 2016ren enbaxaden arduradunak eta Tessa Andonegi aktoreak.
Urriaren 21ean zuzenduko dio Euskal Zine Bilerak begirada Kontxu Odriozola aktoreari. Telebistan Bai Horixe!, Flamingo Berria zein Goenkale telesailetan aritzeaz gain, antzerkian eta zineman ere lan askotan parte hartu zuen aktorearen lana oroituko dute, eta bere lan nabarmenetako bat izan zen Urte berri on, amona filma ikusteko aukera eskainiko du bilerak. Proiekzioa amaitutakoan, gainera, filmaren zuzendari Telmo Esnalegaz solasaldia egongo da.
Berbaldia
Zinemari lotutako beste emakume batzuen lanaz ere hitz egingo da bileran. Lekeition ospatzen den jaialdia Euskal Herri osoko zinemagileak ezagutzeko, lan egiteko eta hausnartzeko topagunea izatea nahi dute antolatzaileek, eta, beraz, azken urteetako bideari jarraituta, mahai inguru bat antolatu dute azken egunerako, Barandiaran aretoan. (H)emen (H)ere plataformak dinamizatuta, Emakumeak euskal ikus-entzunezkoetan: Hezkuntzatik lan mundura gaia jorratuko dute Lekeitioko Berbaldia izeneko atalean.
Bestalde, Donostia 2016gaz elkarlanean, Mugaminak dokumentala ikusteko aukera ere eskaniko du EZBak. Dokumental horren emanaldiagaz hasiko da, hain zuzen ere, urriaren 16tik 22ra luzatuko den euskal zinemaren jaialdia. 39. EZBren irekiera ekitaldiaren bezperan, urriaren 15ean, proiektatuko dute Donostia 2016ren Europa Transit enbaxadak Pafosen (Zipre) grabatutako lana.
Pafosera egindako bisitan, Amets Arzallus bertsolaria izan zuen bidelagun Europako Kultur Hiriburuak. Bidaia horretan zipretar musikagile eta ahozko poetekin elkartu zen Amets Arzallus, bai eta ere exodoaren biktimekin eta desagertutako pertso- nen senideekin. Haren begirada eta poesia baliatuta, Zipreko oraina eta iragana ezagutzera ematen ditu Xuban Intxaustik zuzendutako dokumentalak. Dokumentalaren bidez ez eze, Zipreko errealitatea protagonisten ahotik ezagutzeko aukera ere egongo da, emanaldiaren ondorengo solasaldian.
32 film
Urtero modura, 39. Euskal Zine Bilerara aurkeztu diren lan guztiak ikusteko aukera eskainiko du EZBak. Lau egunetan emango dituzte aurtengo sariketan parte hartuko duten 32 filmak, urriaren 17tik 20ra, hain zuzen. Emanaldi guztiak Ikusgarri zinema aretoan izango dira, 19:30etik aurrera, eta horietatik guztietatik saria zeinek eramaten duen urriaren 22an jakingo da, jaialdia amaitzeko ospatuko den itxiera ekitaldian.
Egitarauagaz gainera, atzo eman zuten ezagutzera bai eta ere, aurtengo Zine Bilerari irudia emango dion kartela. Guztira hamasei lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Alejo Muñoz izan da saritua.