Enplegu jardunaldiak egingo ditu Behargintzak
Bermeoaldeko Behargintzak enplegu jardunaldiak antolatu ditu urrirako. Aipatu jardunaldiak langabetuei zuzenduta daude, eta horien bitartez, lana bilatzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza eskaini gura die.Jakinarazi dutenez, hiru eguneko jardunald...
Jakinarazi dutenez, hiru eguneko jardunaldiak izango dira; bihar izango da lehenengoa, eta hurrengoak urriaren 20an eta 27an egingo dituzte, hain zuzen ere. Behargintzak Bermeon dituen bulegoetan izango dira, 10:00etatik 13:00etara.
Biharko saioan prestakuntza eskaintza landuko dute, eta honakoak landuko dituzte: prestakuntza arautua eta ez arautua, egiaztagiri profesionalak, prestakuntza praktikadunak eta diru laguntzak.
Urriaren 20an, berriz, elkarrizketa ereduei buruz ariko dira, gogorarazi dutenez, «elkarrizketa baita enplegua lortzeko gakoetariko bat». Hala, saio horren bitartez, parte hartzaileek hautatu gura duten lanbide profilaren araberako elkarrizketa motak ezagutuko dituzte.
Azken saioan, urriaren 27an, berdintasuna eta enplegua landuko dituztela jakinarazi dute.
Behargintzako arduradunek gogorarazi dutenez, «gaur egungo krisiaren ondorioz, egoera ezberdinak bizi dituzten langabetuak daude. Horregatik, askok zailtasunak izaten dituzte lana bilatzeko momentuan, eta laguntza behar izaten dute». Egoera zelan dagoen ikusita, Behargintzak jardunaldi horiek antolatzen ditu, «bilketa aktiboan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta». Horietan, laneratze gaitasunak eta teknikak landuko dituzte.
Atzeratuta
Bestalde, autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta, irailaren 26tik urriaren 17ra bitartean eskaini behar zuten merchandising eta erakusleiho apainketa ikastaroa azaroaren 28ra atzeratu dutela jakinarazi dute.
Hala, ikastaro horretan parte hartu gura duten horiek oraindik izena emateko aukera dute, luzatu egin baitute izena emateko epea; beraz, azaroaren 24ra arte eman daiteke izena. Bermeoaldeko Behargintzako bulegoetara hurbilduta eman daiteke izena, 94-617 91 90 telefono zenbakira deituta edota prospekzioa@bermeo.eus-era idatzita.