Udaletxea berreraikitzeko laguntza eskatzeko mozioa onartu dute
Udalbatza osatzen duten alderdi guztien artean adostutako mozioa da osoko bilkuran onartu dutena. Bizkaiko Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko dute mozioaUdalbatza osatzen duten udal talde politiko guztiak ados jarrita, Bermeoko udaletxea...
Udalbatza osatzen duten alderdi guztien artean adostutako mozioa da osoko bilkuran onartu dutena. Bizkaiko Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko dute mozioa
Udalbatza osatzen duten udal talde politiko guztiak ados jarrita, Bermeoko udaletxea berreraikitzeko laguntza eskatzeko mozioa onartu zuten joan den eguenean egindako osoko bilkuran.Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatuko die mozioan; aldundiari, «ezbeharrak pairatzen dituzten Bizkaiko herriei laguntza eta babesa ematen dieteleko». Hain zuzen ere, finantzatzean laguntzeko konpromisoa har dezatela eskatzen diote, eta hori betetzeko epeak adostea. Udaletxea babes berezia duen kultura ondare legez izendatuta dagoenez, Eusko Jaurlaritzara ere bideratuko dute mozioa.
2013ko apirilaren 11n, Bermeoko Alde Zaharrak Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larriena bizi izan zuen. Sutearen ondorioz, 11 eraikin eta udaletxea kaltetu ziren, eta 72 pertsona inguru etxe barik geratu ziren. Sutearen aurrean, udala «ahalik-eta erantzunik onena» ematen saiatu zela diote, eta lehentasuna etxe barik geratu ziren pertsonei arreta ematea izan zela gogorarazi dute mozioan.
Konpromisoak bete barik
Une horietan, erakundeen arteko elkarlana «garrantzitsua» izan zela aipatu dute. Hala ere, orduan hartutako zenbait konpromiso «ez direla bete» gaineratu dute. Eta, Alde Zaharra berreskuratzeko, konpromiso horiek betetzea «behar-beharrez- koa» dela uste dute udalbatza osatzen duten alderdiek; izan ere, oraindik, udaletxea berreraiki barik dago.
Gogorarazten dutenez, Babes Berezia duen Kultura Ondare legez katalogatuta dago udaletxea. Alde Zaharrean kokatuta dago, eta Bermeoko hirigune historikoa, Ondasun Gisa Monumento Multzo izendatuta dago; eta udaletxearen eraikina ere, Kultura Ondasun Gisa Monumentu sailkatuta dago. Eraikina zaintzeko, beraz, «Dekretu berak babes arauak ezartzen ditu». Hori guztiori dela eta, Euskal Kultur Ondare Legeari jarraituz, eraikina berreraikitzea «oso garrantzitsua» dela uste dute.
Horregatik guztiagatik, lanen bigarren faseagaz hastea «ezinbestekoa» da hurrengo arrazoiengatik: «Alde Zaharraren bizitasuna bultzatzeko, Bermeo delako Bizkaian udaletxerik ez duen herri bakarra eta gure eskubidea delako, herriko eraikin garrantzitsuenetarikoa delako, segurtasunagatik eta espazio arazoak dituztelako». Izan ere, udaletxean kokatuta zeuden idazkaritza, alkatetza, langileria eta euskara sailak Gizarte eta Kultura Etxera lekualdatu behar izan zituzten, beste talde batzuen guneak erabilita. Eta sarritan, zenbait ekimen egiteko espazio falta egoten da.
Sutea gertatu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak udaletxearen konponketarako finantzazioan laguntzeko konpromisoa agertu zuela diote; «eta hala gogorarazi diegu batzar ezberdinetan». Orain, baina, «udaletxearen berreraikitzea posible egiteko, bide ezberdinak aztertuko dituztela» esaten dietela azaldu dute. Bermeoko Udalaren ustez, erakunde ezberdinen arteko elkarlanagaz jarraitzea beharrezkoa da, eta mozioan argi utzi dute «Bermeoko Udala prest dagoela dagozkion konpromisoak beregain hartzeko eta bere esku dituen baliabide guztiak jartzeko».
Bestalde, mozioaren bitartez, herritarrak jakinaren gainean edukitzeko konpromisoa hartu dute alderdiek.