Iker Aguado eta Amaia Gaztelu Bermeoko zinegotziek dimisioa aurkeztu dute
Oskar Uribarrik zinegotzi kargua utzi ostean hartu zuen haren lekua Iker Aguadok. Orain, dimisioa aurkeztu du. Dimisioa aurkeztearen arrazoi nagusia, “Izarturen baitan jasan behar izan duen barne oposizioa” dela esan zuen atzoko udalbatzarrean. Izartuko kideen artean dauden, “desberdintasun ideologikoak, politikoak, estrategikoak eta pertsonalak sakonak” direla azaldu zuen, eta, horrek guztiak, giroa “jasanezina” bihurtu duela nabarmendu zuen.
Aguadoren berbetan, “orain, oposizioa bultzatu duten horien txanda izango da. Hemen jesarri eta aurpegia eman beharko dute, eta nire lanarekiko eduki duten eskakizun maila altua, herritarren aurrean erakutsi beharko dute. Lehenengo bi hilabeteetan izan zuten aukera; bi hilabete ez-emankorrak izan ziren Izarturentzat, eta espero dut dinamika negatibo hartara ez bueltatzea eta 2015eko irailetik egun arte egindako lanagaz jarraitzea”.
Izarturen zerrendan hirugarrena zela gogorarazi zuen atzo Aguadok. Hala ere, Uribarrik kargua utzi ostean, “erantzukizuna bere gain” hartu zuela esan zuen: “Zinegotzi lanetan hasi nintzenetik, Izartu Bermeok sektore ezberdinetako 30 proposamen aurkeztu ditu. Era berean, gure perfil politikoa zehaztu dugu. Herritarrak udalera iristeko biderik zuzenena gu geu garela egiaztatu dugu eta eraginkorrak izatea lortu dugu, zinegotzi bakarragaz eta baliabide eskasekin”.
Proiektuari “hainbeste denbora” eskaini ondoren, “penaz” doa Aguado: “Gauza asko geratu dira egiteko, baina harro nago egindako lanagaz”. Atzoko udalbatzarra aprobetxatu zuen alderdi politiko guztiei eskerrak emateko.
Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) zinegotzi Amaia Gazteluk ere dimisioa aurkeztu du. Haren lekua hartuko du aurrerantzean Jose Mari Larruzeak. Gazteluk orain dela bost urte EAJk beregan agertutako konfiantza eskertu du: “Agintaldi baterako konpromisoa hartu nuen, eta hori amaitu ostean, urte bat gehiago jarraitzea adostu genuen. Urte hori igarota dimisioa aurkeztu dut. Nire ordezkoak nik baino hobeto ekingo duen ziurtasuna daukat”. EAJren udal taldeak “leialtasuna, lanerako prestutasuna, eta, batez ere, zintzotasuna” eskaini dizkiotela esan zuen, eta udalean bizi izan dituen une “gogor, latz eta mingarrietan”, gainera, “duintasunez eta tinkotasunez” eusten eta erantzuten lagundu diotela nabarmendu zuen.